Bi urtean behin legez, inguruko jendea memoria egiten dabil. Duela lau urte herrian lekukoa nork eraman ote zuen, duela sei urte gauez edo egunez pasatu ote zen Korrika guretik, gauez biluzik korrika egin zuten horiena duela zortzi edo hamar urte izan ote zen, lekukoa zeramana erori zenekoa inork grabatu ote zuen edo ez...
Konturatu naiz inguruko askok oso atzera bidaia dezaketela memorian eta duela 26 urteko kantua gogoratu, adibidez. Eta konturatu naiz nik ezetz, Korrika ni jaio baino hamahiru urte lehenago estreinatu zela. Ez nintzela ni izan egun ileak puntan jartzen dizkidan mugimendu honen sortzailea, ni jaio nintzela Korrikara. Are gehiago, izatekotan berak gogoratu beharko duela nire jaiotza, nik berea ezin dut eta.
Imajinatzen dut Korrika txiki bat 1980an lehen pausoak ematen eta ordutik maratoian, azkar heltzea baino garrantzitsuagoa delako urrun heltzea. Urrun eta osasuntsu, indartsu, belaunaldi berrien errekak beregan itsasoratzen. Eta imajinatzen dut Korrikaren itsasoa, harro, urteak pasatu ahala igarotzen den herrietako belaunaldi berriak bustitzen eta bere olatuetan dantzatzen. Imajinatzen dut han urrunean, zarata eta bits artean hurbiltzen, eta imajinatzen dut hankak martxan baina oraindik geldi daudenen zirrara.
Imajinatzen dut Korrikaren marea Mallabira heltzen 1997an, eta 4 urteko Izaro txikia eta bere ikaskideen erreka bereganatzen, beraien lehen Korrika izango zen hartan. Imajinatzen dut Izaro txikia zain, hainbestetan eskolan kontatu zioten hura azkenean zuzenean ikusiko zuela-eta begiak zabal-zabalik, ilusio eta beldur pixka batekin. Imajinatzen dut Izaro txikia Korrika jada heldu baten zain, bere euskara izeneko surfeko taula txikiarekin Korrikaren itsasoan surf egiteko prest. Imajinatzen dut marea heltzen eta Izaro urduritzen eta amak Izaroren ipurdiari bultza eta han doa, bere lagunekin, ulertu ezin duen lasterketa horretan Maiderri eskutik emanda, ziurrenik, jende artean ez galtzeko. Han doaz, eta oraindik ez dakite zeinen urrun helduko diren gerora.
Eta ordutik Korrikarekin hasi gara, bi urtetik bi urtera, oroitzapenak enfokatuz joan garen bitartean. Surfeko taula gero eta handiagoarekin, olatuaren gandorrera heldu arte. Euskaldun berriak sartzen/zahartzen eta euskaraz ez dakienari euskara ikasteko gogoa pizten, norberak ere surfeko taula berriak lortzen dituen heinean, gainera. Hitzen marea mamitzen.
Zaharra da gure hizkuntza, eta zaharra korrika darabilen maratoia. Idaztera nindoan ni berria naizela, baina ez dakit zenbateraino den hori egia jada. Korrika nik minus 11 urte nituela heldu zen lehen aldiz Donostiara, eta 30 urte geroago ni gaur bizi naizen hirira. Bideak garbitu ditu bere urekin, eta lortu duenaren emaitza gara gu, naiz ni. Bizi, ikasi, ligatu, sortu eta irabazi dut euskaraz. Ingurukoek beste horrenbeste egin dute, eta erreka berriek beste horrenbeste eta gehiago egingo dute.
20. Korrika. NIRE LEKUKOA
Koerreka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu