The Lancet aldizkariak klima aldaketaren eta gaixotasunen arteko lotura azpimarratzen zuen 94 orriko txostena argitaratu zuenetik orain betetzen dira zortzi urte. Txostenaren egileen artean osasuna, antropologia, geografia, ekonomia, zuzenbidea eta filosofiako adituak zeuden. Haien ustez, azkar gertatzen ari den klima aldaketa gizakion osasunerako mehatxurik handienetakoa da. Izan ere, gaixotasunen eragin-eremu aldakorrak, populazioen migrazioak, muturreko gertaera klimatikoak, ur eta janarien «segurtasun eza», zein egungo hainbat bizilekuren desagertzea, besteak beste, gertatuko dira klima aldatzearekin batera. Anthony Costello izan zen txosten horren egileen burua. Haren ustetan, gizakion osasunerako oso arrisku handia suposatzen du gertatzen ari den klimaren aldaketa azkarrak, eta milaka milioi lagunen gainean izango du eragin gaiztoa, batez ere herrialde txiroetan. Hainbat gaixotasun zabalduko dira azkar munduan, esaterako, malaria, dengea eta beste gaixotasun tropikal asko. Beroaldiak gero eta maizago gertatzen ari dira, eta dagoeneko milaka lagun hiltzen dira horien ondorioz. Esaterako, 2003an iragarpenek ziotena baino 70.000 lagun gehiago hil ziren udako beroaldiaren eraginez Europan. Indian eta Afrikan, askoz gehiago ari dira dagoeneko hiltzen beroaldiek erasanda. Horrek erakusten du gizakioz zein sentikorrak izan gaitezkeen beroaren aurrean, «isilpeko hiltzailearen» aurrean, alegia. Horretaz gain, uztak ere oso erraz aldatzen dira eta nahikoa da batez besteko tenperatura 1º C igotzea, uztak %17 txikiago izateko eta goseteak pizteko. Bestalde, 2020rako kalkulatzen da Afrikan ur-arazoak izango dituztela 250 milioi lagunek. Ur eskasiak eta ur zikinen erabilerak, gaixotasunen areagotzea ekarriko du nahi eta nahi ez. Afrikako populazioa klima aldaketaren eragilerik txikienetakoa bada ere, bertan Europan baino 500 aldiz heriotza gehiago gertatuko omen dira datozen urteotan. Txostenak indarrez azpimarratu zuen karbono gutxiko ekonomia batera lehenbailehen mugitzeko beharra. Horrela segituz gero, datozen ehun urteotan azken 200 milioi urteotan, hau da Triasikotik hona, inoiz ezagutu den klimarik beroena ezagutuko du planetak eta, berdin segituz gero, XXIII. menderako azken 420 milioi urtetako beroena izango da, eta ondorioak izugarri larriak. Izan ere, 2015ean beste txosten berritu bat argitaratu zen eta dagoeneko «larrialdi medikutzat» jotzen zuen klima aldaketa.
Bitartean, ikertzaileak etengabe ari dira erakusten klimaren berotzea ekartzen ari den aldaketak. Esaterako, argitaratu berri da munduko glaziarren eta eskualde izoztuen katalogo berri bat. Hor, aurretik eta egun hartutako argazki mordoa dago eta ikus daiteke nola ari diren izotzak urtzen ikaragarri azkar. Esaterako, Alaskako Columbia glaziarrak 2009 eta 2015 urteen artean atzera egin du 6,5 kilometro eta bertan itsasoak betetzen du orain udan fiordoa. Leku askotan dagoeneko urtu egin dira erabat betidanik gizakiak ezagutu dituen glaziarrak. Mendialde askotan, glaziarrak ur iturri garrantzitsua izan dira eta horiek urtzean, uraren eskasia nagusitzen ari da udetan. Urtzen ari diren glaziarren kasu bat, esaterako, egunotan hedabideetara iritsi da. Izan ere, Kanadako Yukon eskualdeko Kaskawulsh Glaziarrak ia bi kilometro egin du atzera urteotan. Handik sortzen ziren urek beste norabide bat hartu zuten iazko maiatzean; ordura arte bezala Slims ibaira eta iparraldera geratzen den Bering itsasora egin beharrean, lau egunetan norabidea aldatu, eta Kaskawulsh ibaira eta hegoaldeko Alaskako golkora bideratu ziren.
Klima aldaketaren inguruko txostenak eta ikerlanak pilatzen ari diren bitartean, oraindik AEBak bezalako herrialde batzuen gobernuek dudan jartzen dute gai horren garrantzia eta, bestalde, zalantzak ez dauzkaten gobernu asko —gureak esaterako— oso neurri apalak ari dira oraindik hartzen arazoari aurre egiteko.
ARGI ALDIAN
Klima, osasunaren etsai handia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu