Gorka Orive.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Kezkatzekoak al dira birusaren aldaera berriak?

2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Badaramatzagu aste batzuk eta are hilabete batzuk aditzen eta irakurtzen nola sortzen ari diren SARS-CoV-2 birusaren gero eta aldaera gehiago, eta nola errezeloa eta kezka pizten ari diren arlo sanitarioan, sozialean eta ekonomikoan. Aldaera horiek mutazio dezente dituzte, gehien zabalduta dagoen aldaeraren bestelako propietateak ematen ari zaizkionak birusari, hala transmititzeko edo kutsatzeko gaitasunari dagokionez, nola antigorputz monoklonalen terapiari ihes egiteko gaitasunari dagokionez. Are, baliteke gaur egun herrialde askotan eskuragarri eta onartuta dauden txertoen eraginkortasuna apaltzea ere. Zenbateraino dira benetan kezkatzekoak aldaera horiek? Zergatik agertzen ari dira?

Zientzia goiburuak eta hedabideetakoak hartu zituzten lehen aldaeretako bat Ingalaterrako B.1.1.7. deritzona da. Nire asmoa ez da birusaren aldaera bakoitzaren nazionalitatea zehazten ibiltzea, baina aitortu beharra dut horixe egiten dela normalean: lehen aldiz non sortuak izan edo hasieratik batez ere non hedatuta egon, hangoxe izena jartzen zaie. Aipagai dudan aldaerak 23 mutazio ditu, eta horietatik zortzi spike deritzon proteinan gertatu dira, zeina funtsezkoa baita birusa gure zeluletan sartzeko orduan eta erantzun immunitarioak birusa ezagutzeko orduan. Aurreko anduia baino %50 gehiago transmititzen da. Zenbait adituk diotenez, zenbat eta handiagoa izan kutsatzeko gaitasuna, orduan eta jende gehiago infektatzen da, eta, azkenean, jende gehiago hiltzen da. Dena den, bada berri on bat ere: antza, txertoak eraginkorrak dira haren kontra, nahiz eta eraginkortasun apalxeagoa duten halako kasuetan.

Hegoafrikako aldaerak kezka handiagoa sortu du (B.1.351). Ez dakite gehiago transmititzen ote den, baina egiaztatu dute partez aurre egiten diola zenbait txertoren eraginari, hala nola Johnson & Johnsonenari eta Novavaxenari (%50-60ko eraginkortasuna), eta are gehiago AstraZenecarenari. Antzera gertatzen da Brasilgo P.1. aldaerarekin: hamar mutazio ere baditu gaur egun spike proteinan, eta badirudi kapaza dela txerto batzuen eraginari ihes egiteko.

Birusaren aldaerak agertzeko arrazoietako bat, beharbada, zenbait paziente birusaren infekzioa ezin gainditu ibiltzea da -immunodepresioa edo immunoezabatzea dutenei gertatzen zaie hori batez ere-, baita terapia desegokiak erabili izana ere, eriondoan zirenen plasma eta antigorputz monoklonalak baliatuz. Ez da kontu hutsala, eta ondorio larriak ditu. Baldin eta herrialde batzuetan birusak mutatzen jarraituko balu eta mutazio horiek eragina balute talde immunitatea lortu duten lurraldeetako immunitatean, herritarrak herrialdez herrialde edo are kontinentez kontinente txertatzeak ez luke amaiaraziko pandemia. Txertaketak globala izan behar du, eta zenbat eta lehenago lortu hori, orduan eta hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.