Nora Arbelbide Lete.
Heriotza duina. 'Bonnemaison auzia'. ANALISIA

Kasu partikularrak, lege orokorrak

2014ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Auzi denboran parareloki bi auzi hauteman zitezkeen. Bata, Paueko Krimen Auzitegiko hori, eta bestea, plaza publikokoa, auzitegiko hiru bankuak berenganatu zituzten kazetari andanen txio, kamera eta mikrofonoak bozgoragailu. Eta iragazki. Bestalde, epaimahaia zozkatu herritarrek dute osatu, hau da, jurista ez diren pertsona batzuek. Lehengai guztiak eztabaida publiko bat sortzeko. Jakinez gainera, Paueko Krimen Auzitegian prokuradorearen eta abokatuen hitz hartzeen unea iritsi zen egunean, joan den asteartean, Marisol Touraine Osagarriaren eta Gai Sozialen Frantziako Gobernuko ministroa galdekatzen ari zirela Frantziako Legebiltzarrean, hain zuzen, biziaren azken uneez. Tourainek berretsi zuen Frantziako lehen ministroak bi parlamentari izendatuak dituela biziaren azken uneari koadro bat ematen dion 2005eko Leonetti legea hobetzeko bidea azter dezaten. Jean Leonetti bera, oraindik UMPko diputatu dena, eta Alain Claeys diputatu sozialista ditu izendatu. Ministroak errepikatu zuen legea egokitu nahi duela gobernuak: «Artatze aringarriaren garapena segurtatzeko. Manuak hobeki antolatzeko, eta hobeki definitzeko bizia laburtzera ekar dezakeen testuinguru eta baldintza zehatzak, sufrimendua lasaitzeko une horretan, norberaren autonomia errespetatuz». François Hollande Frantziako presidenteak, kanpaina denboran presidentetzarako hautagai zela, jada hitzeman zuen lege berri bat. Eta urtarrilean hark berak berretsi zituen hitzemanak, prentsaurreko batean. Eritasun sendaezina duen pertsona batek «koadro hertsi batean, bere bizia duinki bururatzeko mediku laguntza», galdegiteko aukera izan dezan.

Asteartean gertatu zen Vincent Lamberten kasua ere. Zainketa aringarria kentzea onartu zuen atzo Frantziako Estatu Kontseiluak. Nahiz eta segidan Europako gorteak erabakia gelditzeko agindu. Sei urte daramatza egoera begetatiboan Lambertek. Rachel Lambert emazteak auzitara jo zuen hiltzen utz ziezaioten, gurasoek ez baitzuten nahi.

Lehengai guztiak, beraz, eztabaida plazaratzeko. Eta horrekin jokatu zuten Nicolas Bonnemaison mediku ohi hazpandarraren abokatuek, bere bezeroa errugabetu zezaten. Legea ez zuela errespetatu, legea gaizki egina dela. Sufrimenduak ttipitu nahiz bai, baina bizia laburtu, ez. Legeak bizia laburtzeko aukera hori debekatzen baitu. Eta gainera, erabakia beste mediku eta senideekin aipatzera behartzen du. Bonnemaisonek bakarrik ditu hartu erabakiak, ardura osoak bereganatuz, nehork ez zezan «kulpa» bizi. Baina egin molde hori hark berak damutu zuen, ikusirik partekatze horrek familia bat segurik lagunduko zuela.

Bakardadeak erabaki txarrak hartzera bultzatu ere baitezake. Hor ere muga hertsia da. Baina horretan ez ziren luzatu abokatuak. Bonnemaisonen abokatu biak jarri ziren herritarrek osatu epaimahairi so, beren ardura, epaia, Frantziako Gobernuari zuzendu mezua bilakaraziz. «Justiziak legeari bidea erakuts diezaion» gisaz erabakitzeko, bota zien Benoit Ducos-Aderek. Adibidetzat hartuz, duela berrogei urteko abortuaren aldeko borroka. Orduan, abortatu zutenak eta abortatzera laguntzen zutenak ere krimen auzitegian kriminal gisa zirelarik auzipetuak. Eta orduan ere akusatu zenbait errugabetu zituen epaimahai batek. Handik laster agertu ze Simone Veilek bozkarazi abortuaren aldeko legea. Horrela mintzatu zitzaien abokatua. Ardura handiak emanez epaimahaiari.

Lehengai guztiak hor. Eta kamerak bozgorailu. Eta karrikak mintzo. Guztiek iritzi bat. Guztien kontua baita heriotza, sufritu nahi ez izatea, eta duintasuna. Biziaren azken uneak medikuen eskuen artean bizitzeko aukera handiekin, gainera. Eta guztiak humano. Baita medikuak ere. Hautuak egin behar. Interpretatu behar. Nola jakin koman den pertsona batek sufritzen ote duen? Sufrimendu fisikoak neurtu ahal dituzte iduriz medikuek, psikikoak ez. Auzian argi utzi dute hori. Orduan, interpretatzen da.

Zazpi kasu horietan sufrimendu psikikoak hauteman zituela adierazi zuen Bonnemaisonek. Fernand Dhogge, Andre Geffroy, Françoise Iramuno, Marguerite Buille, Marie Carrere, Christiane Lepine, Christiane Tymen eta Jacqueline Froment. Zazpi pertsona ez zirenak kontziente une haietan. Ezin izan zutenak iritzirik eman. Senideek bai. Oro har, Bonnemaison sostengatu dute denek. Eta parte zibil gisa aurkeztu familiakoek ez dute kondenatzeko xederik, ulertu nahia baizik. Zazpi kasu partikular, hasteko. Baina kasu partikularrekin ideia orokorrak egitean, kontuak sinplifikatuz, nahasmena sortzeko arriskua dago. Bonnemaisonen alde, oraingoan. Eta iduriz, agian, lege hobe baten alde. Baina, bizkitartean, bizi bakoitzak bizi partikular bat izaten segitzen du. Eta kasu partikular guztiak lege batek guztiz harrapatzea zaila izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.