Pastor
Darwin eta gu

Juliarekin txateatzen

2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Edozer egingo nuke zurekin oheratzearen truke». Rubem Fonsecaren ipuin bateko protagonistak paperezko mezu anonimoak idazten dizkio emakume gazte bati. Neskak ideiarik ez, nor izango ote den ezkutuan desiratzen duen pertsona. Etxebizitza horietako zaindariari azaldu dio kontua. Gizon zaharra da hura, itxuraz batere arriskutsua ez dena. Gainera, mihi gaiztoen arabera, gerran tiro bat jaso zuen hankartean...

Brasilgo unibertso sentsualean girotutako istorioko pertsonaia sare sozialak eta teknologia berriak garatuta ez zeuden aroko gizona dugu, Paleolitokoa. Giza komunikazio arruntenaz baliatzen da bere desioen berri emateko.IPhone batekin zailagoa izango litzateke ustezko koldarkeria horretaz jokatzea. Ustezko, zeren ikusteko dago noraino dauden anonimotasuna eta koldarkeria lotuta, eta noraino ez. Izan ere, bada anonimotasunik gabeko koldarkeria ekintzarik. Zer da, bestela, bikotekideari SMS baten bidez ematea erlazioa amaitzeko erabakiaren berri, begiei begiratu gabe?

Teknologia berriek komunikatzeko aukera ugari eskaintzen dituzte. Maitasun harremanak lantzeko, baita gorroto haziak ereiteko ere. Askatasun handiagoa duzu komunikatzeko, baina kontrol soziala eta bikotearen barrukoa ere lehen baino zorrotzagoak dira —Ianire Estebanez psikologoak azaldu du egunkari honetan atzo argitaratutako elkarrizketan—. Komunikazioaren mundua ziztu bizian garatzen ari da. Gazteak eskuko telefonoarekin ikusten dituzu gora eta behera, eta behinolako garaiak etortzen zaizkizu gogora. Etxeko telefono mugiezinaren iragazkia —hori ere kontrola zen—. Institutuko gelakideari gaueko bederatzi eta erdietan deitu zenion etxera. Afaltzen egongo zen, eta bazenekien amak hartuko zuela telefonoa, bai, amak %150ean. Ama alaba zaintzen, betiko legez. Baina zer arraio, egin beharrekoa egin behar zenuen, kabina hotz ilunean dar-dar, gaueko sentimenduen kontrabandista.

Orain errazagoa da dena, baina telefono dei edo mezu baten hotsak edonor traiziona dezake. Gaur, edonork du aukera alboan lo egiten duenaren telefonoa hartzeko bere zalantzak argitzeko. Orain, teknologia eta sare sozialekin, eremu zabal emankorra da komunikazioa. Istorio gozoak bizitzen dituzu, baita bestelakoak ere: mezu hiper hot bat idatzi diozu rollito bati, baina, Neolitoko gizona zarenez, ez duzu telefono berri modernoa menperatzen. Eta, ohartu gabe, okerreko aplikazioa aukeratu eta mezua azkeneko deia egin dizun lankideari bidali diozu —emakumezkoa da, gainera—.

Neska batek bere messengerreko helbidea eman dizu, txateatzeko. Bigarren saioan zeure buruari galdetu diozu zer egiten ari zaren helbide elektronikoa julia_roberts1… @hotmail.com duen neska batekin; zer pentsatuko zuen berak zure helbidea eskatu, eta zuk george_clooney1…[email protected] eman bazenio. Ba, horixe, baboa zarela, gizajo galanta. Eta zuk zergatik ez duzu hori pentsatu behar Hollywoodeko hanka luzeenak inbidiatzen dituen neska bati buruz, ba. Julia Roberts hori ez da benetako Julia Robertsen modukoa, Yetiren alaba ere ez, baina horrek berdin dizu. Kontaktuen zerrendatik ezabatu duzu, ergelkeria iruditzen zaizulako bere burua Julia Robertsen moduan aurkezten duen neska batekin berba egitea.

Eta duela urte asko zenuen freskuraz gomutatu zara. Zure herriko neskatxa maite bati bihotzaren zati handiena eskaini zenion eguna. Eguerdian, ausardiaz, alkoholik gabe. «Ez dakit konturatu zaren, baina ez zaizkit mutilak gustatzen». Hara, mutilak gustatu ez, eta zu ordura arte konturatu ez, papao hori! Eta zure erantzuna, erreflexu biziekin: «Ba, ez dut uste, baina deskuiduan gustua aldatzen baduzu, jarri nire izena zeure zerrendan». Eta urrundu egin zinen, bihotza behera baina burua gora, zeure zortea madarikatzen, baina puztuta, egin beharrekoa eginda. Orain, neska-lagunarekin bizi da, Espainia aldean. Zoriontsua da, itxuraz. The End.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.