Bixente Serrano Izko.
Manifestazioa Bilbon. 'Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea'. Iritzia

JUJE(M)ak politikan

2014ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Egia baldin bada Paul Austerrek erran zuen hura, «Justizia baino poesia askoz gehiago dago munduan» alegia, pentsa ezazue munduko justiziaren tamainaz, kontuan harturik zein poesia gutxikomunduan bizi garen. Eta pentsa ezazue zer-nolako poesia egin daitekeen justiziaz! Hori mundu zabaleko eremuan, non «Espainia marka» hain ongi kokatzen den. Espainiar politikagintzan, izan ere, aspaldian jartzen nau dardarka Justizia politikaz entzute hutsak: gero eta gehiagotan, politika justu bat ez, justizia politiko bat dute xede horretaz hitz egiten dutenek. Azkeneko eredua oraingoz, Velasco jujea.

Ergeletan ergelenek bakarrik pentsa dezakete zenbat eta erabaki politiko gehiago hartzen duten jujeek hainbat eta justuagoa dela politika. Munduko eremuan dabil Asier Azpilikueta ergeletan ergelenen bila, ongi ibili ere, baina sehaska bete ergel lor zezakeen erraz espainiar politikagintzaren baratze murritzagoan. Urteko Justizia Txostenetako estatistiketan, mezu bat dago beti: alegia, pentsa dezagula zenbat eta salaketa/auzi gutxiago egon epaitegietan, hainbat eta injustizia/delitu gutxiagoko gizarte batean bizi garela. Bitxia bada bitxia, politikagintzan ez, antza: erranik doan bezala justu alderantziz, zenbat eta jujeen esku-sartze gehiago erabaki politikoetan, hainbat eta politika justuagoa. Alta, argi daukat nik: justiziazko politikagintzan, utikan jujeak politikatik. Arrazoiz egin dit galde ironikoki Juan Inazio Hartsuagak Interneten: «JUJE ala JUJEM?». Eta arrazoi ere Iñaki Kortabitartek «logika faxista» ikusarazi didanean espainiar gobernuaren politikagintzan.

Ez dakit zer etorkizuna izanen duen Bilboko arrapostuak. «Ezohiko egoera batean ezohiko erantzuna» dela erran omen da. Ezohiko erantzuna gurea, bai, baina noiztik hona ezohiko egoera Velascok paratu duena? Etorkizunaz dakidana bertze hau da: ezohiko erantzun gehiago, ezohikoagoak ere bai, eman beharko dizkiogu etorkizunean oraindik ere justizia bezain poesia eskaseko espainiar politikagintza ohiko horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.