Jose Angel Irigarai.
Joxan Lizarribar hil da. Iritzia

Joxan Lizarribarren argia

2013ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Gazte zelarik Argia Dantza Taldean sartu zen eta, ondorioz, inguruan garatzen ari zen kulturgintza jori eta berrian trebatzen hasi. Bertan ibili izana, pertsona bezala osatzeko bide oparoa bilakatu zitzaion, kulturgintzan murgiltzeko, euskalzaletasunean sakontzeko eta erantzukizunez janzteko. Artean egindako ezagutza asko —hasteko eta bat, emaztea bera— bidaide, gogaide eta adiskide izanen ditu beti. Baita bere bizitza osoan ezaugarrituko duen baitatik zerion argia ere, argiago bilakatu baitzitzaion. Horiek hola, Joxan Lizarribar bizitza osoan distira zabaltzen dutenetarikoa izan da, ingurua sinpatia eta enpatiaz elikatzen dutenetarikoa. Eta orekari eusten dakitenetarikoa: baikor, baina ez akritiko, ausart eta engaiatu, baina ez irresponsable, hutsaltasunetik urrun, alai eta atsegin.

Egin beharrak bainoago egin nahiak pusatua ziharduen, adorez eta atseginez, hala baitzen eta hala izan nahi zuen. Eta hori plus bat da. Euskaldun jantzi eta koherente izatea ahalbideratzen duena, normaltasun osoz, gorago eta sakonago ibiltzera daramana. Horrek anitz lagundu dio bere ibilbidean eta berak ere, trukean, asko lagundu ahal izan du hainbat gintzatan, politikarena barne. Hain zuzen, keria guztien gainetik jardurteko gai izaki, arlo horretan ere beti saiatu zen integratzailegoko mailan ibiltzen, erantzukizunez beteriko ahaleginetan; hegoaldeko trantsizioa deitutako garaietatik orain arte. Baitezpadakoa zaigun maila eta bide horretan adierazle bakanenetarikoa.

Hutsune latz eta ordezkaezina uzten du familan, euskalgintzan, gure herrian. Oteizaz oroit, egun berean hila hamar urte lehenago, ailedi huts hori bilaka bizi-iturri eta argi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.