Ane Pescador.
OSASUNA PENTSALDIAN

Joko inozoa

2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Kirola osasunarekin eta ongizatearekin estuki lotuta dago, baina, kirolariaren errendimendua handitzeko bide horretan, osasuna kaltetu egin daiteke.

Kirol ikuskizunak geroz eta deigarriagoak dira. Gizakiak lortzea ezinezkoak zirela pentsatzen ziren markak hautsi egiten dira, ikuskizuna geroz eta harrigarriagoa bihurtuz. Honetarako prestakuntzak espezifikoagoak eta zorrotzagoak dira, ikerketa gehiago egiten da errendimenduaren maila igotzeko. Baina kirolariak sarritan, errendimenduari eta emaitzari begira, bere osasunaren iparra gal dezake. Emaitzak helmuga edukita autoexijentzia eguneroko ogi bilakatzen da.

Errendimendu mailak hobetzeko geroz eta kirol gehiagotan nahi izaten dira pisu baxuko kirolariak, gantz portzentaje baxukoak. Honek pisuaren neurketa ugari dakartza, baita gantz portzentajearen neurketak ere.

Presio sozialak gorputzaren irudian duen eragina eta errendimenduaren hobekuntzarako neurri horiek direla medio iparra galtzen denean, kirolaria bere burua soilik zenbaki horiengatik baloratzera irits daiteke. Eta akaso kirola egiteko baxuegiak diren neurrietara irits daiteke kirolaria, osasun arazo larriak edukitzera. Elikadura asalduren agerpena izan daiteke honen guztiaren emaitza, eta gogor jo dezakete kirolaria, kirol praktika eten behar izanez zenbaitetan. Buruak baskularen kontra eduki dezakeen joko inozo gisa has daiteke, baina, egunak aurrera joan ahala, baskula gainera igotzeko unea borroka latza bihurtzen da.

Pisatze unearekin batera antsietatea ager daiteke; ostera antsietatea beldur bilakatzen doa, aurreko neurketakoa baino pisu baxuagoa emateko helburua zorrotz sartuta buruan, gauzak «ondo» egin direla sentitzeko.

Horrela, egunez egun plateraren aurrean jartzeko unea tortura bihur daiteke, baita taldekideen aurrean biluzteko unea ere, edota norberak ispiluan bere burua biluzik ikustekoa. Norberarekiko mespretxua eta nazka sortzen dira. Ezarritako exijentzia honek kirolariari bere burua zenbaki huts horiengatik baloratzera eraman dezake. Eta akaso, honen guztiaren ondoren, kirol helburuak lortzen dira, baina zorionik gabe, dena betebehar hutsa bihurtzen delako. Kirol denboraldia amaitu eta hurrengora itzuli bitarteko garai horietan pisu handirik ez hartzeko beldurrarekin bizikidetza egin behar ostera.

Asko gara hemendik pasatu garenak eta zoritxarrez asko une honetan zuloan daudenak. Egunero geure buruari gogoratu beharko genioke egiten duguna pasioz eta geure gorputzari minik eman gabe egin behar dugula; geure buruari kalte egiten diogunean gelditu eta laguntza eskatu behar dugula.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.