Felix Iriarte.
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA

Joera berrien iragarpena

2015eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Aldaketaren gaua izan behar zuela ematen zuen. Nafarroan, abertzaleen eta alderdi aurrerakoien eskutik; Gipuzkoan, jeltzaleek EH Bilduren gainetik egotea espero zuten, batez ere Donostian; eta Araban, atzokoa Marotoren eta De Andresen agintaldiaren azken eguna izatea espero zuten makina bat arabarrek. Baina ez: tsunamiak itxaron beharko du, noizbait iritsiko bada ere. Tendentzia berriak ageri dira, hori bai, epe ertainera edo luzera aldaketaren bidelagunak izan daitezkeenak, baina hori beste kontu bat da.

Alderdi jeltzalea indarberrituta atera da, Gipuzkoan batez ere. Azken urteotako lurralde hori EAJren puntu beltza izan da, baina Donostia, Zarautz, Tolosa, Arrasate eta beste hainbat herritan ezker abertzalearen aurretik jartzeak aspaldiko mamuak uxatu ditu. Diputazioan gobernatzeko aukerak izango ditu, beste inork baino gehiago. Bilbon eta Gasteizen, ordea, emaitza kaskarragoak izan ditu. Aburtoren galera Azkunaren hutsuneak esplikatuko luke, eta Gorka Urtararena, Marotoren indarrak. Jakina, min handiagoa egingo dio EAJri Gasteizen zinegotzi bat gutxiago izateak, Bilbon bi gutxiago izan baditu ere eta gehiengo absolutua galdu duen arren. Arabako Diputazioa lideratuko du berriro EAJk, ea horrek Gasteizko galera arintzen dion.

Bilduren boterea murriztu egin da, baina ezin esan emaitza txarrak izan dituenik. Egoera politikoak ez du zerikusirik duela lau urtekoarekin, orduko saria ilegalizazioaren egoerarekin lotuta baitzegoen; atzoko emaitzak, ordea, lotura zuzenagoa du gestioarekin eta lau urteotan erakundeetan egindako lanarekin. Gipuzkoan atzera egin du; atez atekoak seguru galera horrekin harreman zuzena duela, baina Bizkaian eta Araban oro har emaitzak mantendu ditu, eta hori berez lorpen handia da inguruan beste indar berri batzuk agertu direnean. Podemosek ez du ezker abertzalearen baratzetik fruiturik lortu.

Marotok ere ongi defendatu du bere baratzea. Are gehiago, bere alderdikideek etxean eragindako kalteak jeltzaleen eta sozialisten ingurutik lortu duenarekin estaltzea lortu du. Ez da marka makala: beste leku guztietan PPk galdu eta galdu, eta Marotok tinko eutsi dio erasoari. Monumentu bat egingo diote Gasteizen Quirogak eta Rajoyk. Eutsi dion bakarra Bildu izan da, eta esan daiteke Marotok bilatu zuen bion arteko polarizazioak emaitza ezin hobeak eman dizkiola Maroto berari, baina baita Bilduri ere. Ezker abertzaleari aurre egiteko alternatiba bakarra bera zela sinistarazi die beste egoera batean sozialista edo jeltzale bozkatuko zuten askori.

Agertu diren tendentzia berriak ere irakurketa bat merezi dute. Batetik, ezker-eskuin ardatza aldatzeko lehen urratsa izan daitekeelako. Podemosek Batzar Nagusietan eta Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza zabala izango du, eta alderdi sozialistari kalte egin badio ere, ezkerrak jarleku gehiago izango ditu. Litekeena da alderdi berriak aliantzak egiteari uko egitea, gutxienez Espainiako hauteskundeak pasatu arte, baina hortik aurrera beste aukera batzuk sortuko dira, eta baliteke EAJk arazo gehiago izatea bidelagunak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.