Ramon Zallo.
IRITZIA

Joan Mari, gertuko gizon bat

2020ko abuztuaren 1a
11:56
Entzun

Familiako harremana izan dut Joan Marirekin —bere bihotzeko lehengusinarekin ezkonduta nago, Maite Torrealdairekin—, baina estimuan, leialtasunean eta zeinek bestearen lanarekiko aitortzan oinarritutako harreman bat garatu genuen. Oso nabarmena izan da haren lana euskaltzale konprometitu, editore, historialari eta idazle gisa.

Foruko Mosone baserrian jaio zen Joan Mari, Urberuaga auzoan; bi familiako baserria zen. Jolaserako lurraldea zuen auzoa, Urdaibaiko dorretxearen —Peregil gaztelua—, Atxetako kobazuloaren —Barandiaranek 1959an Paleolitoko harribitxi gisa katalogatu zuena— eta garai hartan zeharo zaratatsuak ziren eta Mosonetik ehun metro eskasera zeuden kareharrizko bi harrobiren artean —haietako bat, gaur itxita dago, nire aititerena zen—.

Foruko eskola bateratuan ari zen lehen ikasketak egiten —orain udaletxea den eraikinean—, frantziskotarrek bere gurasoei —Jose, garai bateko bertsolarien kastakoa, eta Teresa— proposatu zietenean Arantzazuko mintegira joan zedin. 11 urte zituen. Joan Mariren etorkizuna oso ezberdina izango zatekeen gertakari hori gabe. Nekazari edo arotz trebe bat irabaziko genuen, baina ikertzaile euskaltzale handi bat galduko genukeen. Bizitzaren bidegurutzeak.

Euskal kulturako handietako bat sortu izanaren ohorea sentitu izan du beti Foruko haren familiak, aldi berean umil, atsegin eta gertukoa zen gizon bat sortu izanaren ohorea. Foruak herriko liburutegiari eman zion bere izena, 1999an, eta hamar urte geroago, Joan Marik han ospatu nahi izan zuen bere bizitza profesionaleko egunik garrantzitsuena: euskaltzain oso inbestitu zuten eguna.

Ez genuen ikusten nahi izango genukeen bezainbeste. Giputza bihurtu zen, Beatrizen matrimonio zoriontsuarekin eta bere seme-alaba zoragarri Garazi eta Manexekin, zeinak guztiz bat eginda egon baitira berarekin azkeneko hatsera arte. Maitasunez inguratuta joan da.

Egunkaria-ren itxierak eta haren zuzendarien atxiloketak ekarri zuen bere ibilbide distiratsuaren ordaina. Frankismoak itxi ezin izan zuena —Jakin eta Anaitasuna—, demokraziak egin zuen —Egunkaria eta Egin—. Diktadurek zentsuratu, demokraziek klausuratu. Zibilizazioaren aurrerabideak.

Absolbituak, duinduak, izan ostean, inork ez zien itzuli kultur enpresa bat hondoratzearen kalte ekonomikoaren eta ezta min fisiko eta moralaren ordaina ere. Familian badugu ziurtasun bat, bukaeraraino osotasun miresgarriz borrokatu duen minbiziaren arrazoiari buruz: trauma. Ankerkeria instituzionalaren historian agertzen ez ohi den bazterreko min bat.

Pertsona zoragarria zen, sinesmen sakonak zituena eta beti positiboa zena. Gogoratzen naiz, Egunkaria-ri buruz EHUn idatzi genuen liburu baten tituluari buruz hizketan ari ginela, berak proposatu zuela: Egunkaria, amets baten egia (2000), nik iradoki nuen amesgaiztoa-ri buruzko inolako erreferentziarik gabe; horrela geratu zen.

Nire harrotasuna da berarekin horren distantzia motzean tratua izana, eta errepresioa jasan zuenean bera defenditu izana. Eta haren lasaitasuna da BERRIAk Egunkaria-ren uberari jarraitu izana.

Agur eta ohore, senide maitea!

JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.