Maider Beloki Unzuren fana naiz. Legegintzaldi honek eman duen zinegotzi onenetakoa iruditzen zait» Nik esan nuen hori lehengoan. Lagun artean ginen. Nafarroako aldaketaz ari ginen. Udaletan nabari dela batik bat, Nafarroako Gobernuan ez horrenbeste. Iruñeko Udalekoa dela aldaketa nabarmenetakoa. Eta orduan atera zen Belokiren jarduna. Lagunek ez zekiten Eusko Alkartasunako kidea zela. «Jeltzaleen sindromeak jota gaude, EH Bildu eta ezker abertzalea berdintzen ari gara», esan nien.
Iñaki Petxarromanek Eusko Alkartasunaren ondarea aipatu du egunkari honetan berriki Iñaki Anasagasti eta Rafa Larreinaren arteko elkarrizketaren harira. Ondare hori disolbatu egiten da EH Bildun. Egia da EA botoak eta indarra galtzen joan den alderdia dela, baina iruditzen zait haren balioak balioetsi beharrekoak diela. Arnaldoren lantaldea aurkeztu dutenean esate baterako, Esther Larrañagaren kasuan bakarrik aipatu dute espresuki Eusko Alkartasunakoa dela. Nafarroan oso garbi ikusten dut alderdi horren zubi-lana(ren beharra). Ausartuko nintzateke gauza bera esatera EAEri buruz.
Nafarroan hauteskundeak egon direnean ongi argi adierazi dute EH Bilduko zerrendako kide bakoitza zein alderdik izendatu duen —egia esan, ez du EH Bilduk egiten hori, zenbait hedabidek baizik—. EAEn, ordea, ez da hori gertatzen: lausoagoak dira zerrendak. Niri gehiago gustatzen zait jakitea nondik heldu den bakoitza. Non bukatuko duen beste gauza bat da. Anasagastik esan zuen bezala, «politikan ezer ez da betiko».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. ZIRRI-ZARRA
Jeltzaleen sindromea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu