Joan Mari Torrealdai.
Adierazpen askatasuna. IRITZIA

'Je suis Egunkaria'

2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Martxoan Parisera joatekoa naiz, Liburu Azokara, urteroko legez. Je suis Egunkaria dioen kartel txiki bat jarriko dut Charlie Hebdo-ren egoitza ondoan eraiki duten aldaretxo zibil horretan, lore, argi eta atxikimendu testuen artean.

Hala adieraziko dut nire atxikimendua, Egunkaria-tik, biktimatik biktimara. Honexek elkartzen gaitu gehien, gutako bakoitzaren lerro editorialak, kode deontologikoak edo estilo liburuak ez bezala. Basakeriaren biktima gara biok, intolerantziarenak, jihadistarena haiek, estatuarena gu. Terrorismoarekin lotuta haiek eta gu. Prentsaren aurkako atentatuak izan dira biak, gurea hilketarik gabe zorionez, baina garesti ordaindua: Egunkaria ixtea eta kazetari eta arduradunak preso hartzea, torturatzea, epaitzea, urtetan gatibutza moral, sozial eta ekonomikoan lotzea... ez da anekdota.

Beldurra eman zidan aurrekoan Valls lehen ministro frantsesak Charlie Hebdo besapean eta sare sozialak kontrolatzeko neurriak iragartzen ikusi nuenean. Beldur naiz, bai, martxoan biktimen karteltxo askoz gehiago ez ote diren Charlie Hebdo-ren ondoan bilduko, sare sozialetako makina bat hedabide, neurri berrien biktima. 2015eko Parisko espirituak 2001eko aire zaharrak ekarri dizkit gogora.

Harrigarri egin zait Parisen egunotan gertatu dena, horren konplexua izanik, sinplismora ekartzeko joera, testuingurutik at utziz: Charlie Hebdo-k islamismoarekiko mantendu duen jarrera, immigrazioaren integraziorik eza, gobernuaren kanpo politika. Gertakariekin zerikusirik ez balute bezala. Ez dut atsegin izan XXI. mendeko Frantziaren irudia. Nostalgiaren lanbro artean gelditu zaigu 68 osteko urteetan ezagutu genuen Paris hura: bor-bor intelektual askotariko hura!

Bestelakorik espero nuen. Aukera bikoitza zuen gobernuak, estatuak: demokrazia gehiagoz erantzun ala segurtasunaren bidetik jo. 2001eko Bushen bideak irabazi du partida. Orduan bezala orain, terrorismoak izenlaguna du: jihadista da orain. Laster galduko du izenlaguna. Eta handituz-handituz joango da terrorismoaren eremu semantikoa, disidentziak oro barruan aise kabitzen direlarik. Déjà vu. Ikusia eta sufritua dugu hori, horren biktima baita Egunkaria.

Egunotan, hain zuzen, adierazpen askatasuna hitzetik hortzera erabili da. Gutxi landu da, ez da aztertu; inbokatu egin da, aldarrikatu: adierazpen askatasuna sakratua da, balio absolutua da, mugarik gabea da. Horra tesia. Gehixeago sakontzea maiteko nuen. Dolu garaian egonik, agian ez da ordua. Bego.

Mantra gisa aipatzen da mugarik gabea dela adierazpen askatasuna. Ez dakit zer esan nahi den horrekin. Hiritar guztiok legearen aurrean berdinak garenez, guztiok libre garela iritziak emateko? Bai, hori da kontzeptu horren adiera liberala. Besterik da, ordea, eskubide hori noiz den egiazkoa. Marxista porrokatua zertan izanik ez da zera frogatzeko, adierazpen askatasuna baliatzeko libreak, horretarako baldintza materialak dauzkatenak soilik direla. Ez dira estatuak bakarrik adierazpen askatasunari muga jartzen diotenak. Hedabide handiak, informazio guneak, gutxi batzuen eskuetan daudela nork ez daki? Minoriek, baztertuek, hiritar diren aldetik, eskubide berberak izango dituzte, bai, baina aukerak?

Bestalde, adierazpen askatasuna, bera bakarrik, gutxi batzuen pribilegioa izan daiteke; hala da, gainerako askatasun guztiekin batera ematen ez bada. Klasista da, inolaz ere ez demokratikoa.

Kontua ez da bakarrik nork baliatzen duen adierazpen askatasun hori, baizik eta, baita ere, noren kontra. Gizabanako, minoria eta marjinatu asko babesgabe daude kasu askotan ustezko eskubide horren erabiltzailearen aurrean, indar erlazioa kontuan hartuta. Urrutira joan gabe dakigu zer den hori.

Adierazpen askatasunaren muga bakarra legea omen da. Hori ere dogma da. Eta hala izango da, hala baldin bada. Legeria, dakigunez, herri baten balio sistemaren isla da, bai, baina bere historiaren memoria ere bai. Historia horren haritik, esate baterako, Frantzian delitua da antisemitismoa, baina ez antiislamismoa. Bi aldiz pentsatu behar da juduari iseka egin aurretik. Dieudonnek badaki hori. Charlie Hebdo-k bazekien musulmanak irainduta ere arrisku juridiko gutxi zuela. Bestelakoak, bai, zoritxarrez.

Adierazpen askatasunak, azkenik, beste osagai bat behar du: erantzukizun soziala, hain zuzen ere Charlie Hebdo-k bere buruari onartzen ez ziona, journal irresponsable izatearen harrotasuna baitzuen. Nire ustetan, aldiz, joko eremuan etika sartzen ez bada, jai dugu. Ez da etikoa, adibidez, adierazpen askatasuna babes edo ezkutu hartu eta, minoria, zapaldua edo baztertua kolpatzea eta iraintzea... legeak oro alde izanik ere. Ala bai?

Berriz diot: beldur naiz askatasunen ilunaldian ez ote garen sartuko. Frantziak egin duen aukeran, adierazpen askatasuna ez eze askatasun guztiak aterako dira galtzaile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.