Hizkuntz Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik honela zioen BERRIAn urriaren 2an argitaratutako elkarrizketan: «Krisiak harrapatuta, edizio elektronikoa egiteko arazoekin dabil, eta horregatik erabaki du Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatzea BERRIArekin. Diru laguntza bat jasoko du, 200.000 eurokoa, Interneteko edizio horretarako behar dituen inbertsioak egin ditzan». BERRIA multimediaren garapen proiektuan laguntzeko diru laguntza joan den udan hitzartu genuen Eusko Jaurlaritzarekin. Eta udazken hasieran, 170.000 eurokoa izango zela esan ziguten.
Laguntzarako konpromisoa Lehendakaritzatik hartu zen, bertako diru funts batetik ordainduko zelako. Baina duela egun batzuk jakinarazi digute hitzarmen hori ez dela gauzatuko; beraz, diru hori ez du jasoko BERRIAk.
Dirudienez, gobernuak erabaki du ez dela unea antzeko hitzarmena sinatzeko eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari ez diote utzi akordioa gauzatzen. Aitzakia da gobernua jardunen ari dela, eta ez dela momentua konpromisoak hartzeko. Bada, horixe, aitzakia da, konpromisoa jada hartuta zegoelako eta une honetan egin beharreko gauza bakarra hura gauzatzea zelako. Edo, unea ez baldin bazen, zergatik gobernuak ez zuen urriaren 2an bertan atzera egin? Hauteskunde aurretik inork ez zuen esan ezin zenik bete hitzarmena. Hain zuzen ere, urrian laguntza jasotzeko tramitazioan aritu gara Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako eta BERRIAko ordezkariak, eta tarte horretan inork ez du zalantzan jarri laguntza.
Agerikoa da ezina aitzakia baino ez dela. Are gehiago, azken orduko hainbat erabaki eta konpromiso hartzen ari omen direnean. Zergatik, orduan, atzera bota BERRIArekin hitzartuta zegoena? Ez dakigu zein den benetako arrazoia; norbaitek azaldu beharko luke. Euskararekiko eta euskal eragileekiko errespeturik eza erakusten du egindakoak, ez baitut uste berdin jokatuko luketenik beste batzuekin. Horregatik, edo bigarren mailakotzat hartzen dituzte euskalgintzako eragileak, eta berdin die; edo, okerragoa dena, euskararen kontrakoek dute agintea PSEren gobernuan eta horiek ez dute onartu.
BERRIAk ez du laguntza hori jasoko badoan gobernuaren eskutik, eta horrek ondorioak izango ditu 2012ko kontuetan. Diru laguntzetara aurkeztutako proiektua gauzatzen ari da BERRIA, eta, laguntzarekin urtea berdindu samartuta bukatzea aurreikusita zegoena, oso zaila edo ezinezkoa izango da, hurrengo asteetan beste erabakiren bat hartzen ez bada behintzat.
BERRIA Taldeak lanean jarraituko du, zailtasunak zailtasun, euskal hedabide ahalik eta sendoenak egin eta eskaintzen, eta euskararen normalizazioari bere ekarpena egiten, Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugulako. Bide horretan, instituzioekin batera egin nahiko luke lan eta haiekin bide hori jorratzen jarraituko du, elkarlanak emaitza hobeak ekar ditzakeela sinetsita.
Analisia
Jaurlaritzak ez du beteko bere konpromisoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu