Unai Pascual.
Meadows txostenak, 50 urte. IRITZIA

Jainkosaz aldatzeko prest al gaude?

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Jasangarritasunaz aritzen garenean etorkizuneko belaunaldiez hitz egin ohi dugu. Errazagoa egiten zaigu baloiari ostikoa aurrerantz ematea, gure atzetik datozenek guk zulatutako baloia konpondu edo berria erosiko dutela sinetsi nahi dugulako. Garapen jasangarriaren deia 1972an Erromako Klubak argitaratutako Meadows txostenaren fruitua izan zen hein handi batean. Ni txostena argitaratu eta hilabete gutxira jaio nintzen eta, horregatik, lerro hauek idazteko gogoa sartu zait.

Garapen jasangarriaren ideia lehenbizi 1972an erabili bazen ere, emeki gizarteratzen hasi zen, 1987ko Garapenari eta Ingurumenari buruzko Munduko Batzordeak ideia definizio batekin jantzi zuenean. Oraindik ere Wikipedian aurkitu dezakegun definizioa da gure seme-alabek eskolan ikasten dutena: «etorkizuneko belaunaldien beharrizanak asetzeko ahalmena eragotzi gabe eguneko beharrizanak asetzen dituen garapena» da. Kontzeptua lau haizeetara barreiatu zen hortik gutxira, Rioko 1992ko Lurraren Goi Bileraren eraginez. Historian murgildu gabe, orain dela 50 urte sortutako garapen jasangarriaren ideia izanik gehiegi zaharkitu ez ote zaigun galdetzen diot neure buruari. Garapena eta jasangarritasuna. Borobila dirudien ideia laukitzeko gai gara? Beste era batera esanda, bi hitz horiek elkarrekin nola lotu ahal ditugu Lurraren Mugaren txostenari traizio egin gabe?

Garapenaren ideiaren inguruko eztabaida aspaldikoa da, egunerokoan baldintzatzen gaituzten politiketan txertatzea oraindik lortu ez badugu ere. Jakin badakigu, gure unibertsitateetako ekonomia fakultateetako makroekonomiari buruzko testu eta analisi sakratuetan oinarrituz gero hazkunde ekonomikoaren eta garapenaren arteko ezberdintasunei muzin egiten ziela. Aitzitik, leku guztietan , barne produktu gordinaren (BPG) adierazlea agertzen zaigu garapenaren iparrorratz gisa. BPGa gora eta gora badoa, irribarretsu agertzen zaizkigu neoliberalismoaren eta keynesianismoaren sekten guruak (adibidez, enpresari handi eta agintari politikoak), beraren jarraitzaile sutsuak (eskuin zein ezkerreko alderdi politiko eta sindikatu gehienak) eta baita sektaren segurtasun zerbitzuko atezainak ere (komunikabideak eta unibertsitateak).

Eta jasangarritasunaren ideiaz zer berri? Aurretik aipatutako garapen jasangarriaren definizioari erreparatuz, gizartearen «beharrizanak» aipatu beharko genituzke. Ez nago ziur, oinarrizko beharretatik harago, norbanakoen eta gizartearen beharrak ondo ezagutzen ote ditugun. Psikoanalista bati galdetuz gero, geure burua ezagutu ahal izateko gure nahiak eta desioak ondo ezagutzea beharrezkoa dugula esango liguke. Esperimentu sinple batzuen bidez ez litzaioke zaila izango ezagutza prozesu horretan norberaren beharrak, nahiak eta desioak gehiegitxo nahasten ditugula frogatzea.

Garbi asko adierazten ditugu horiek egunero. Bai hezkuntza ereduaz gure umeak non eskolaratu erabakitzen dugunean, edo eta lagunekin hurrengo oporretara nora joan erabakitzean. Geure buruaren ezagutzaren prozesu horretan sarturik gaudenean, ez gara ohartzen bizi garen adimen artifizialaren aro honetan merkatuaren Jainkosak gure desioak guk baino hobeto ezagutzen dituela, eta, hortaz ohartzekotan, aurrerabidearen ordainsari gisa onartzeko prest gaude hein handi batean. Google, Amazon, Twitter edo Netflix bezalako apostoluek egunero gure desioei buruzko informazioa lurrunik gabeko hodeietan salerosten dutenean, guk elikatzen dugun jainkosaren botere magikoa indartzen dugu, berak nahi duenean gure nahiak aldatzeko bere ahalmena gehituz.

Garapen jasangarriaz hitz egitean, jainkosa, apostoluak eta kontsumismoaren sektak kontuan hartu beharko genituzke. Badakigu horiek guztiek ez digutela benetako askatasunik ekarriko. Gero eta argiago daukat Lurraren muga ekologikoak —eta justiziarenak— zeharkatzen ari garen aro honetan jainkosaz aldatzeko garaia dela. Benetako eta funtsezko behar, nahi zein desioak lortzeko, hodeietatik jaitsi eta Ama Lurrarekiko errespetuaren balioa oinarri hartzeko garaia dugu. Hori egin ezean, ondorengo belaunaldiek beren askatasuna gero eta merkeago saldu beharko dute merkatuen jainkosaren hazkunde ekonomikoaren totemaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.