Pastor
DARWIN ETA GU

Jainko erdalduna

2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun

Jainkoak igandeetan baizik ez du euskaraz egiten Donostiako bere etxe nagusian. Gainontzeko egunetan erdaraz astintzen du mingaina. Jainko erdalduna dago bertan. Itxura denez, Jainkoak jaietan baino ez du nahi euskalduna elizaren barruan. Garbi eta alkandora berria jantzita.

Hori uler liteke Gipuzkoako hiriburuko katedralean mezen informazioa ematen duen kartelari begiratuz gero. Astelehenetik ostiralera, hiru meza ematen dira bertan, egunero: goizeko zortzietan, bederatzietan eta hamarretan. Hirurak erdaraz. Euskaraz bat ere ez. Larunbat eta jai bezperetan, meza bakarra, arratsaldeko zortzietan. Hori ere espainieraz. Igande eta jai egunetan hiru meza espainieraz, bi elebidunak eta goizeko hamaiketan bakarra euskaraz. Barkatu, euzkeraz. Miraria! —ez Erroman, Donostian baizik—. Guztira: astero hemeretzi meza espainieraz Donostiako katedralean. Bat baino ez euskaraz.

Hemeretzi meza erdaraz eta bakarra euskaraz Artzain Onean —elebidunak alde batera utziko ditugu, ez batean ez bestean—. Ederra marka. Eustaten arabera, donostiarren %40 dira euskaldunak. Horientzako euskarazko meza zerbitzuak, ordea, %5 inguru. Ateo edo agnostiko kopurua handiagoa da Gipuzkoako hiriburuan Euskal Herriko beste hirietan baino, eta horregatik kopuru eskasa? Horrek ez du ardura, fedea —edo sineskeria, nola ikusten den— norberaren kontu pribatua baita. Arazoa hauxe da: euskarari ematen zaion tratua iraingarria da. Zergatik itxaron behar du gipuzkoar batek igandera arte katedralean meza euskaraz entzuteko? Ez esan beste leku batzuetan ere euskarazko mezak entzuteko aukera baduela. Katedraletik hiriko beste eliza batzuetara bidaltzea bazterkeria da.

Intsumisioa egingo dute Donostiako euskaldun fededunek? Pankartarik ipiniko dute euskararen aldeko taldeek boikota bultzatzeko? Edo burua makurtu eta dagoena estoizismoz onartuko dute, besteetan egiten dugun legez, eta igandera arte itxarongo dute? Azken batean, zer ardura digu arropa saltzen digun edo legatza mahaira ekartzen digun pertsonak euskaraz ez badaki, salgaia ona bada? Zer inporta zaigu meza erdaraz izatea produktua —betikoa, ezaguna, sorpresa handirik gabea— gogoko badugu?

Tristea da gero. Kanaria uharteetako zenbait lekutan meza gehiago antolatzen dituzte eskandinaviar luteranoentzat haien hizkuntzan Donostiako katedralean euskaraz baino: larunbat eta igandeetan, astean bina meza dituzte Ipar Europako turistek, suedieraz edo suomieraz. Gipuzkoako hiriburuko euskaldunek —hau da, Donostiako eskandinaviarrak— astean meza bakarra dute Artzain Onean. Igandean, goizeko hamaiketan. Euzkeraz. Tira, batzuentzat kontsolagarria izan daiteke zeruan euskara gehiago entzungo dela pentsatzea. Ez dakit. Jainko euskalduna oporretan badago astegunetan… Gauzak horrela, espero dezagun azken judizioan, gure patua behin betiko erabakiko den zeremonia horretan, diskriminaziorik ez izatea. Hau da, bista igandean egitea. Orduan behintzat euskara entzungo dugu goi-goietan.

1959ko igande goiz batean Bartzelonako Sant Ildefons elizako mezara joan zen Luis Martínez de Galinsoga, La Vanguardia egunkariaren zuzendaria. Sermoia katalanez ematen ari zirela ohartuta —meza latinez izaten zen—, altxatu eta sakristiara joan zen, ernegatuta. Han zegoen apaizari kargu hartu zion. Igandeetan espainieraz sei meza ematen zirela erantzun zion abadeak, eta katalanez bi.

Galinsogak amorru bizian alde egin zuen sakristiatik, eta elizatik irtetean «katalan guztiak kaka dira» esan zuen, ozenki. Katalan kristau talde batek egunkariaren aurkako boikotari ekin zion: aleak erre zituen kalean, ez erosteko eskatu… 20.000 harpidedun galdu eta 30.000 ale gutxiago saltzera iritsi zen hedabidea. Azkenean, Espainiako ministro kontseiluak Galinsoga kargugabetu zuen —diktaduran gobernuak izendatzen zituen egunkarien zuzendariak—. Haren ordez, Etxalarren jaiotako kazetari bat aukeratu zuen: Manuel Aznar Zubigarai. Haren biloba Espainiako presidentea izango zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.