Eneritz Garro.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Izurria integratu

2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun

Izurria hitzak bere baitan gordea du izu-a. Izua, ardura eta estresa ohiko erantzunak omen dira ezjakintasunari, ezezagunari edota aldaketa egoerei aurre egiterakoan. Gutako askok orain urtebete harriduraz begiratu genien Wuhango hiritik zetozkigun irudiei, eta ez genuen askok irudikatu benetako izurri bat bizitzeko bezperan ginela.

Etxealdiak suposatu zuen ume eta gazteentzat modu bortitzean egoera berri batera egokitzea, irakasleen eta ikaskideen presentzia gabe ikaskuntzari heltzea, lagunekin harremana tupustean moztea... Etxealditik eskoletara itzuleran birusaren kutsatzea ekiditeko neurriek eskoletako jardunari eragin diete bete-betean. Etxeratze osoa aurreikusten zuen agertokia eskola gutxitan gauzatu bada ere, ohikoa bihurtu da konfinaturik dauden ikasleak edota irakasleak izatea. Poliki-poliki naturalizatu egin dugu lerroan sartzea eskolara, banaka jartzea, egunean bospasei aldiz eskuak garbitzea, distantzia gordetzea, musukoak erabiltzea, gelakideak pantaila bidez ikustea...

Eta egoera horren guztiaren aurrean geure buruari pozik esan diogu ume eta gazteak bikain egokitu direla arau berrietara, oso zintzo jokatzen dutela, normal antzean ari garela. Baina horrekin batera, badaukagu behar handi bat hau azkar bukatu dadin, sentitzen ditugu normaltasun berriak eragiten dizkigun urratuak eta, zergatik ez esan, gogaitu samar ere bagaude. Pandemiaren bizipenen harira ikasle eta familiekin egindako ikerketek ere argi erakusten dituzte bai baina mugimendu etengabeak. Eta bai baina horietan nik neuk behintzat sentitzen dut hitzetara ekartzea nekez egiten zaidan harridura moduko bat, gertatzen ari den guztia ulertzeko heldulekuak faltako balitzaizkigu moduan eta helduleku ez horri entzungor, aurrera eta aurrera normal joan nahiko bagenu moduan.

Marina Garcés filosofoak egin berri dioten elkarrizketa baten esan du osasuna ez dela bakarrik kutsatze kopuru handiago edo txikiagoa egotea, hori guk nola bizi dugun ere badela osasun adierazle garrantzitsua. Pandemiaren kudeaketak gure bizimoldeetan izan dituen ondorioek zuzenean talka egin dute gure osasunean Nola egin diezaiokegu horri kasu? Nola zaindu dezakegu gure osasuna? Garcések azpimarratzen du birusa eta horren eragin askotarikoak gure bizitzan integratu beharko genituzkeela gerorako, beranduegirako, utzi gabe.

Zenbateraino izan ditugu aintzat gure eskolatze planetan ikasleen eta irakasleon egoerarekiko sentipen eta errealitateak? Ez naiz erantzun borobilik ematera ausartzen, baina esango nuke lehentasuna kutsatzeak ekiditea izan dela —hala beharko zuen ziurrenik— eta ez direla bereziki kontuan hartu egoera honek sortzen dizkigun beste osasun arriskuak. Hala ere, hezkuntzaren helburua baldin bada bizi dugun mundua ulertzeko eta bizitzeko gaitzea, iruditzen zait izurria eta horrek eragin digun hau guztiau nola integratu pentsatzen hastea egin beharko dugun ariketa izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.