Ane Pescador.
OSASUNA PENTSALDIAN

Itzalpeko gaitzak

2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Bi urte zail igaro dira eta normaltasunerako bidean aurrerapauso handiak egin ditugu. Baina osasungintzak pasatu berri duen beheraldi luzea eta gero, nabarmenak dira osasun langileek bi urteotan pairatutako akidura fisiko eta emozionalak eta haien ondorioak.

Pandemian sufritutako egoerak direla eta, ondorio psikologikoak pairatzeko zaurgarri den kolektibo bihurtu da osasun langileena. Bizitako egoera gogorrek, ezintasunek, berehalakotasunean bizitzeak eta deskantsurik ezak osasun langileen portzentaje handi batek sintoma psikologikoak pairatzea eragin dute. Osasun langileetako askok, ordea, behar izan duten arren ez dute arreta psikologikorik eskatu. Egoera lasaitu eta denborak aurrera egin ahala, honek ekarritako ondorioak nabarmenak dira: lanaldiko baja ugari izan da; osasun langile askok euren ogibidea utzi dute beste lanbide batean hasteko; beste batzuek baimenak eskatuta atsedena hartzea erabaki dute; beste batzuk, aldiz, atzerrira joan dira lanera.

Honek guztiak osasun sistema gaindituta egotera eramaten duen bitartean, txanponaren beste aldea dugu. COVID-19aren pandemia samurtzen joan ahala, aurretik pairatzen gentozen pandemia latz eta isilak goraka egin du, osasun mentaleko asalduren pandemiak. Beti estigmatizatuta eta isilduta bizi izan dugun osasun mentala. Baina egun denok bizi dugu gertutik, edota barrutik ere bai.

Koronabirusa zela-eta zenbait ZIUtan nahikoa arnasgailurik ez zegoela entzuten genuenean, arrazoiarekin botatzen genituen eskuak burura, baina, ez al da larria egun bizi dugun egoera? Osasungintza gaindituta dago, eta osasun mentalak ezin du une hauetan behar adina arreta eman. Bitarte horretan, asaldura hauek pairatzen dituztenak sufritzen ari dira, bakarrik sentitzen dira, irtenbiderik ez dutela ikusten dute. Ezinean sentitzen dira, itzaletan, inorentzako gainkarga izan nahi gabe, eta gizarte bezala oraindik ez dakigu honela sufritzen ari den inori laguntzen. Ez dakigu gizarte bezala erantzuten, ez dugu tresna nahikorik, inork ez gaitu umetatik honetarako prestatzen, ez digu inork irakasten. Eta oraindik ere ez da egiazko apustu bat egiten osasun mentalaren alde.

Ikasitakoak desikasteko eta kontzientziak lantzeko garaia iritsi zaigu honi aurre egin nahi baldin badiogu. Ongizate psikologikoari behar duen garrantzia eman eta osasun mental duinaren aldeko apustua egin behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.