Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Itunak bete egin behar dira

2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Alderdi Popularrak 2012ko lan erreforma aurrera atera zuenetik, nabarmen okertu diralangileen lan baldintzak. Orduz geroztik, zinezko premia dago erreforma hori deuseztatzeko, kaltegarria baita beren lanaren bidez herrialde honi eusten diotenentzat.

Duela urtebete, EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemosek hitzarmen bat sinatu zuten, eta konpromisoa hartu 2012ko lan erreforma oso-osorik indargabetuko zutela. Honela esan zuten orduan: «[Erreformak] bertan behera geratu beharko du gobernuak COVID-19a dela-eta ekonomia eta lan arloan harturiko neurri apartekoak amaitu baino lehen». Urtebeteren buruan, badirudi osoko indargabetze hori desira bat dela oraindik, egitate bat bainoago.

Baina zer ekarriko luke lan erreforma oso-osorik indargabetzeak?

Hasteko, aurrerantzean ezingo lirateke enpresen itunak lehentasunezkotzat jo sektoreko itunen aldean. Halaber, leheneratu egingo litzateke itunen aurrerako eragina, eta horiek luzatzeko bidea emango luke, bi urterako ez ezik beste itun bat sinatu arteraino ere; horrela, eragotzi egingo litzateke itun kolektibo batean erdietsitako eskubideak bertan behera geratzea beste itun bat izan artean. Horrez gain, ez litzateke modurik egongo itunean soldatei buruz ezarritakoa aplikatu gabe uzteko —horretarako bidea jada emana zegoen 2010eko lan erreforman, baina sendotu egin zen 2012an—; hartara, bermatu egingo lirateke langileen eskubide ekonomikoak, eta eragotzi egingo litzateke enpresek lan itunean onartu baino gehiago jaistea soldatak. Bestalde, lan agintaritzaren baimena derrigorrezkoa izango litzateke, berriro ere, enplegua erregulatzeko dosierretan, eta azpikontratak mugatuta geratuko lirateke, enpresek aurrerantzean ezingo bailukete beste enpresarik kontratatu beren jarduera nagusiari dagozkion lanak eginarazteko.

Azkenik, lan erreforma indarrik gabe uzteak zaildu egingo luke langileak kaleratzea. Horren lehen arrazoia zera litzateke, nabarmen handituko litzatekeela langileei ordaindu beharreko kalte ordaina; izan ere, orain arte, 33 egun ziren lan egindako urte bakoitzeko, eta 24 hileko ordainketa zuten muga, baina hemendik aurrera, 45 egun izango lirateke lan egindako urte bakoitzeko, eta 42 hileko ordainketa izango lukete muga. Bigarren arrazoia, berriz, hauxe da: tramite aldiko soldaten baldintza ezarriko litzatekeela berriro; hots, enpresariak ordaindu egin beharko lizkioke langileari hura kaleratu eta dagokion ebazpen judiziala izan artean kobratu ez dituen soldatak. Bederatzi urte igaroak dira langileei kalte baino egiten ez dien lan erreforma hura ezarri zenetik, eta bada garaia hura oso-osorik indargabetzeko, eskubide galduak berreskuratzen hastearren. Pacta sunt servanda. Itunak bete egin behar dira. Eta zenbat eta lehenago bete, hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.