Zazpi urteko ilobaren txisterik gustukoena: «Zer jartzen dute oiloek? Arrautzak. Eta txerriek? Etxerako lanak!». Itzulpenarekin galtzen du, baina D ereduan erdaldundutako iloba maiteak umorea ere gazteleraz baino ez du ulertzen gaur egun.
Txistea lerrootara ekarri baldin badut, ikastetxeetan, unibertsitateetan zein hezkuntzarako gune formal diren beste espazioetan, hezitzaileok (maistrak, bidelagunak, irakasleak...) izan behar garenaz hausnartzeko da. Zelakoa da Euskal Herriak behar duen irakaslea? Zer exijitu behar zaio? Nork eta zelan ikuskatu behar du bere lana? Non gelditzen da bera (emozioak, identitatea...) ikasgelako atea zeharkatzen duenean? Norena da irakasleak motibatzeko ardura? Zelan izan daiteke «opor asko» duen txerria baino zerbait gehiago? Hausnarketa horiek beharrezkoak dira irakasle eskoletan, ikastetxeetan zein hezkuntza legeen eztabaidan.
Hezitzaileok dugun boterea ikaragarria da, boterea bestearengan eragiteko gaitasuna bezala ulertuz gero. Aldi berean, ez dago irakasle bat gela barruan baino ezer zaurgarriagorik. Boterearen eta zaurgarritasunaren arteko oreka bilatzean badago erronketako bat. Agurtu berri gaituen bell hooks idazle, irakasle eta ekintzaile feministak horrela dio Teaching to transgress. Education as the Practic of Freedoom liburuan: «Ikaskuntza-eredu holisitikoa erabiltzen duen edozein ikasgelatan, irakasleak hazi egingo dira eta boterea irabaziko dute. Botere hori ezin da landu, baldin eta ahulak izateari uko egiten badiogu, eta aldi berean gure ikaslea arriskatzera bultzatzen badugu. (...) Irakasleok ikasgelako eztabaidetan geure esperientziei buruzko kontakizunak egiten ditugunean, ez dugu aukerarik ematen inkisidore isil eta orojakile gisa jarduteko. (...) Baina irakasleen gehiengoak praktikatu egin behar du ikasgelan beren ahultasuna erakusteko, buruan, gorputzean eta espirituan presentzia osoa izateko». hooksek elegante deskribatzen du erronkari aurre egiteko bidea. Horretarako, alde batetik, sostengua (formakuntza, babesa, baldintza egokiak...) behar dugu, baita ikuskaritza ez-burokratiko, eraikitzaile eta ausarta ere. Beste alde batetik, ahalduntze lana egin behar dugu, irakasle izateak dakarren ardura hartuz eta gure bizibidearen ezaugarria etengabeko ikaskuntza dela barneratuz.
Hausnarketa eremu sakonagoetan sar daiteke oraindik. Zerk egiten gaitu irakasle? Unibertsitate ikasketek? Ikaslearen begiradak? Esperientziak? Azken hori bada, nork irakasten du gehiago, ikasleak ala irakasleak? Eztabaida hori gure artean badago Euskal Herrian; hezkuntza komunitateetan leku aske baina antolatua eman behar diogu, gure lanaren zentzua eta praktikak errebisio etengabean egoteko. Bokazioa aipatzen dute batzuek, ikasketa exigenteagoak besteek; burutik eta bihotzetik zein proportziotan jarri behar den eztabaidatu daiteke baita ere. Badago hausnarketari lekurik eman nahi ez dionik, hezkuntza sistema kritiko eta sendoa armarik eta arriskutsuena dela badakielako; kontuz ibili behar horiekin. Hemendik omenaldia buru zein bihotz jarri zuten, jartzen ari diren eta jarriko dutenei, Zipitria, Beitia eta ikastetxeetan ditugun beste askori.
PENTSALDIAN
Irakasle txerriak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu