Amaia Alvarez.
Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa. ANALISIA

Iraganeko mamua ate joka Nafarroan

2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun

PSNk ez du EH Bildu babestuko, baina EH Bilduren babesa onartuko du. Hori izan da orain arte PSNk mantendu duen eskema, eta horixe zen hauteskunde ostean izango zuen jarrera ere bai. Emaitzak ikusita, planteamendu hori mantentzeko aukera ere hortxe dago. Justu-justu, baina zenbakiek ematen dute. Hauteskunde osteko egunak, ordea, iraganeko mamua berpiztu du: UPN eta PSNren arteko bozek 26 eserleku batzen dituzte, eta Espainian izandako emaitza txarren aurrean, Sanchezek uztailera aurreratu ditu hauteskundeak. Alegia, Madrildik datorren haizearen arabera, PSNk jarrera aldatu eta orain arteko koalizioaren aldeko apustua egin ordez, UPNrekin akordioa egiteko atea ireki lezake. Aukera behintzat hor dago. Izan ere, Txibite berriz ere presidente izateko, EH Bilduren abstentzioa beharko du (2019an bezala), baina oraingoan, hauteskunde kanpaina berriari begira, baliteke Madrilen oniritzirik ez jasotzea. Hori bai, UPNrekin akordioa eginez gero, PSOEk beste presidentetza bat galduko du, eta hori ere ez dute begi onez ikusiko Ferrazen.

Beste behin ere, Nafarroako Gobernuaren kolorea Madrilen gertatzen denaren menpe egongo dela ematen du. Eta, haize horien arabera, 2015ean abiatutako aldaketa instituzionalaren zikloa bukatzeko mehatxua ere zabaldu liteke. Lehen begiradan, eskuina Gobernutik kanpo uzteko baldintzak ematen dira: alderdi eskuindarrek 2019an lortutako eserleku kopuru bera dute Nafarroako Parlamentuan (20) eta orain arte Gobernuan egon diren alderdiek bi eserleku galdu badituzte ere (Geroa Bairenak), eskuinak baino bat gehiago batzen dituzte (21). Aldatu daitekeena, beraz, Gobernua osatzeko negoziazioetan PSNk Madrildik jasotzen duen mezua izan daiteke, eta horretan EH Bildurekiko jarrera izango da gakoa. 2007an ere negoziazio luzeak egon ziren Nafarroan eta azken unean, PSNk atzera egin zuen Gobernua UPNri emanez. Oraingoan iraganeko mamuak ez berpizteko aukera du PSNk esku artean, baina, Nafarroako historia hurbilak zerbait irakatsi badigu, irakatsi digu PSNren jarrera oso aldakorra dela.

Negoziazioen epea ireki da orain. Udal askotan, Iruñekoa barne, alderdi progresisten boz kopurua igo egin da, baina, hala ere, alkatetzak lortzeko PSNk izango du giltza kasu askotan. Parlamentuan ere berdin gertatuko da. Kromo truke lan handia du Txibitek aurretik. Nahi duen bezala jokatzen utziko dioten ala ez ikusteko dago. Bitartean, arnasari eutsi beharko dio Nafarroako gizartearen gehiengo zabal batek, eta iraganeko eredu zaharretara ez itzultzeko beldurrari aurre egin beharko dio. Negoziazio luzea izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.