Sigma Dos-ek El Mundo-rentzat egin zuen ikerketaren arabera, EAJ-k 24-26 ezarleku lortuko ditu Legebiltzarrean, EH Bildu-k 20, PSE-k 16-18, PP-k 12 eta Ezker Anitzak 1. Ikerfel-ek Correo taldearentzat egin zuen inkestak zioen EAJ-k 25-27 legebiltzarkide lortuko dituela, EH Bildu-k 21, PSE-k 15-16, PP-K 10, Ezker Anitzak 2-3 eta UPD-k 1. Gizaker-ek Deia-rentzat egin zuen ikerketak dio EAJ-ak 22-25 ezarleku lortuko dituela, EH Bildu-k 21-22, PSE-k 8-9 eta PP-k 11-13. CIS-en ustez, EAJ-k 27 legebiltzarkide lortuko ditu, EH-Bildu-k 21-22, PSE-k 14, PP-k 9-10 eta Ezker Anitzak 3. Aztiker-ek Gara-rentzat egindako inkestaren ustetan, EAJ-k 28 ezarleku lortuko ditu, EH Bildu-k 24, PSE-k 12, PP-k 8, Ezker Anitzak 2 eta UPD-k 1.
Guztiek joera orokor bera erakusten dute: EAJ izango da irabazlea eta EH Bildu bigarrena. Dena dela, inkesten artean desberdintasunak badaude. Eta horrek sinesgarritasun arazoak sortzen dizkie inkestak egiten dituztenei. Izan ere, urriaren 22an hainbatek esango dute inkestek ez dutela ezertarako balio.
Bozka intentzioa neurtzen duten inkestak baliagarriak izateko duten lehen oztopoa da denbora gutxi egoten dela kanpo lana egiteko. Komunikabideek datu berriak kaleratu nahi izaten dituzte, hauteskunde egunetik ahal den hurbilen, eta ez da denborarik izaten lehenengo aukeran etxean aurkitu ez diren pertsonak bigarrenez edo hirugarrenez aurkitzeko. Ondorioz, etxean gehiago egoten direnek (langabetuak, erretiratuak, etxeko andreak…) ordezkaritza handiagoa lortzen dute laginetan. Bestalde, lagin tamaina desberdinak erabiltzen dira gauza bera neurtzeko (CIS-ek 2.898 galdeketa, Gizakerrek 1.350 edo Sigma Dos-ek 1.500) eta, gure kasuan, hiru herrialdeen artean modu desberdinean banatuta. Lagin eta laginketa erroreak desberdinak izanik, ulergarria da ezarlekuen banaketa desberdina izatea.
Arazo teknikoak ez ezik, kontuan izan behar dugu era honetako inkestek gai oso sentiberarekin lan egiten dutela, eta hainbat gauzek eragiten dutela erantzunengan (giro politiko eta ekonomikoa, hauteskundeetako tentsio maila, aurreko hauteskundeetan gertatukoa…). Ikerlari oso ona izan behar da hauek guztiak kontuan hartuko dituzten aurreikuspenak egiteko. Zentzu honetan, gogoan hartzekoa da Elisabeth Noelle-Neumann-ek zioena (1993): inkesta politikoetan alderdi batekiko erakusten den preferentzia, jendeak alderdi horrek lortuko duen emaitzaren pertzepzioaren arabera aldatzen da. Alegia, gehiengoaren aurkako preferentziak dituztenek isilean gelditzeko (The Spiral of Silence) edo gezurra esateko joera handiagoa izango dute. Bat esan eta bestea egin, nola asmatu horrelakoekin?
Egia da inkesta batzuk gehiago hurbilduko direla emaitza errealetara. Zalantzarik ez dago inkesta onak eta txarrak daudela. Dena dela, ezin dugu ahantzi bozka intentzioa neurtzen duten inkestak aparteko eremua direla ikerketa enpirikoen munduan. Lan egiten duten gaiarengatik zein dauden oztopo teknikoengatik ez dira inkesta errazak. Igande gauean ikusiko dugu nork asmatu duen.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Begiradak
Inkesta politikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu