Azken hamarkadetan gure gizarteak garapen ikusgarriak ezagutu ditu arlo askotan. Jakinduria etengabe aurrera doa, baina beharbada azkenengo urteetako aurrerapen nagusia teknologiaren garapenak ekarri du. Informazioak, komunikazioak, IKT teknologiek gure artean erlazionatzeko beste aukera batzuk ekarri dituzte. Garai bateko postontzien ondoan, egungo bat-bateko mezuak dauzkagu; argazki dendan argitaratzen ziren argazkien ondoan, sakelako telefonoan gordeta daramagun argazki multzoa, eta abar. Eta informazioaz zer? Duela gutxira arte liburutegira bidaltzen genituen gure ikasleak bertan beharrezkoa zuten informazioa aurki zezaten.
Orain, aldiz, Interneterako konexioa da behar duguna; burura etortzen zaigun edozer aurki dezakegu klik batean. Hainbeste informazio egotea oso gauza ona da, zalantzarik ez izan, baina dagoen guztiaren artean bereizten ere jakin behar da. Horixe izaten da askotan arazorik larriena. Lehen bagenekien argitaratutako liburua behin eta berriz orraztuta zegoela, eta ziurtasunez erabil genezakeen. Orain, berriz, irizpide kritikoarekin irakurri behar dira sarean aurkitutakoak askotan. Bere gauza onak dauzka, baina baita hain onak ez direnak ere. Informazio iturri berrien artean guztiok ezagutzen duguna Wikipedia delakoa da. Zein da Wikipediaren izateko arrazoia? Elkarlanean eraikitako jakinduria multzoa lortzea. Wikipedia ez da gauza estatikoa, etengabe hobetzen eta zabaltzen joan daitekeen informazio iturria baizik. Gainera, batek egindakoa beste batek zuzendu edo osa dezake.
Wikipedia bezalako tresna ikusgarri bat behar bezala erabili ahal izateko, jende askoren lana behar da. Horixe da gaurkoan zuengana ekarri nahi dudana. Ikasleei askotan esaten diegu, Wikipedian informazioa bilatzera badoaz, aukeran hobe dutela ingelesezkoan bilatzea, gaztelerazkoan baino. Zergatik? Askoz ere osatuago, zuzenduago, orraztuago egongo delako ingelesezko bertsioa.
Eta euskaraz zer? Hori ere osatu egin behar dugu, eta horretarako unibertsitatean abian jarri den proiektu bat oso interesgarria iruditzen zait. Unibertsitateko jakinduria eta wikilarien abilezia uztartuz, proiektu polit bat jarri da abian EHUn, DSS2016 eta Euskal Wikilarien Elkartearekin elkarlanean. Gure ikasle euskaldunek euren irakasleen begiradapean euskaraz idatzita dagoen Wikipedia osatzeko aukera izango dute. Horixe da elkarlanean aritzea, batek dakiena besteak zuzendu eta sarean eskuragarri jartzea. Ea denon artean jartzen dugun euskarazko Wikipedia merezi duen mailan!

ARGI ALDIAN
Informazioa eta Wikipedia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu