Iraitz Lazkano.
EUSKARALDIAn BERRIA bizi. IRITZIA

Inertziatik kontzientziara

2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Sortu zenetik, Uemak udalerri euskaldunen garrantzia lau haizeetara aldarrikatu du, euskararen arnasguneek hizkuntzaren biziberritzean duten eragina erakutsi nahian. Bide horretan, gero eta nabarmenagoa da urte askoan egindako lanaren emaitza, eta gaur egun, bateko eta besteko erakunde publikoen, euskalgintzako eragileen eta soziolinguistikako adituen artean inor gutxik jartzen du zalantzan arnasguneak aldarrikatzeko, babesteko eta garatzeko beharra, euskararen biziberritzerako giltzarriak direlako. Besteak beste, horren lekuko da Uemaren eta Euskal Herri osoko hainbat erakunde publikoren artean abiarazitako Arnasa gara kanpaina. Arnasguneetako herritarrak ahalduntzea eta gainerako euskal herritarrei ere arnasguneen garrantzia ikusaraztea helburu duena.

Bidean, ordea, zenbait galderarekin egiten dugu topo behin eta berriro. Ohikoenak, udalerri euskaldunetan herritarrak naturaltasunez euskaraz aritzen badira, zertarako behar duten Uemako kide izatea edota Euskaraldia bezalako ariketa sozialetan parte hartzea.

Munduko hizkuntzen biziberritze prozesuek argi erakusten dute hizkuntza batek, iraungo badu, ezinbestekoak dituela arnasguneak, lasai eta beste hizkuntzen mehatxurik gabe bizitzeko eta garatzeko. Hizkuntza ekologiaren kontzeptuak erakusten du arnasgune horiek babestea eta garatzea zein garrantzitsua den, naturguneak babesten diren modu berean. Beraz, arnasguneak sendotzea eta zabaltzea giltzarria da, hizkuntza orube sendoa izan dadin euskararen herriarentzat.

Uemako kide izateak udala ez ezik udalerria ere euskalduntzeko hainbat zerbitzu eta baliabide ekartzen dizkio herriari. Tartean, ezagutzaren eta erabileraren artean etenik egon ez dadin ezinbestekoa dena: herritarren kontzientziazioa. Inertziatik kontzientziarako saltoa ematea beharrezkoa da, erdaretara jotzeko joeraren aurrean euskarari eusteko. Euskaraldia laguntza handia da horretarako. Arnasguneetan euskararentzat eremu asko irabazi behar baitira oraindik. Mundura zabalik dauden herri garaikideak dira udalerri euskaldunak, eta arau soziala euskaraz aritzea baldin bada ere, hauskorra da egoera soziolinguistikoa, edozein aldaketak eragin dezakeelako euskarak atzerantz egitea. Herritarrak kontzientziatuta eta hautu zehatzak eginda, berriz, hizkuntza ohituretan eragiteko eta euskaldunak garela erakusteko aukera ederra da Euskaraldia. Azken batean, lagunei, ezagunei, bisitariei zein gainerakoei adierazten baitiegu euskaraz bizi nahi dugula, naturaltasunez egiten genuena kontzienteki aldarrikatuz.

Badakigu honek guztiak erabat osagarria izan behar duela euskararen lurralde osorako edota eremu digitalerako ezinbestekoa den euskararen aldeko hizkuntza politikarekin. Denak dira beharrezkoak. Elkar elikatu behar dute. Arnasguneek eta gainerakoek. Horregatik da garrantzitsua arnasa nondik datorkigun gogoratzea, denon artean osatzen dugun herriak euskararen herria izaten segi dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.