Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

India eta Europa

2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Azken astean, Indian gertatzen ari den sarraskiaren irudiak ikaratu egin gaitu. Pandemiaren hilabete luze hauetan sekulako irudiak ikusi izan dira hainbat herrialdetan. Gainera, Indian birusaren aldaera bat izan zitekeela horren erantzule aipatzen da.

Hainbat aldiz esan den bezala, SARS-CoV-2 birusak, birusa izanik, bere eboluzioan aldaerak sortzeko ahalmena du. Jadanik ezagunak dira aldaera britainiarra, hegoafrikarra eta brasildarra, besteak beste. Eta asko hitz egin da ea aldaera horiek hasierako birusa baino kutsakorragoak ote diren eta, agian, gaixotasunaren kasu larri gehiago sortzen ote dituzten.

Osasunaren Mundu Erakundeak aldaerak sailkatu egin ditu: batzuk osasun publikoan eragin handiagoa duten aldaerak dira (goian aipaturiko hirurak), besteak osasun publikorako interesgarriak dira. Lehenengoetan jadanik frogatuta dago eragin handia izan dezaketela pandemiaren bilakaeran; bigarrenen kasuan, aldiz, momentuz ez da ikusi eragin hori nabarmena denik eta horregatik interes handikoak dira, jarraipena egiteko.

Horren harira, Gaixotasunaren Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak koordinatu duen lan bat Eurosurveillance aldizkarian kaleratu berri da. Europako zazpi herrialdetako 23.000 lagin aztertu dituzte, osasun publikoan eragin handiagoa duten aldaerez kutsatuak, gehienak aldaera britainiarrekoak eta 400 inguru hegoafrikarrekoak eta beste hainbeste brasildarrekoak. Lan horretan ikusi dutena da aldaera britainiarraz kutsatutako gaixoek 1,7 aldiz probabilitate handiagoa dutela ospitaleratzeko, eta probabilitate bikoitza baino gehiago zainketa intentsiboko unitatean (ZIU) bukatzeko. Aldi berean, ikusi dute aldaera larriena hegoafrikarra dela, ospitalizazioaren eta ZIUan bukatzeko probabilitatea hirukoiztuz adin gazteetan ere, 35 urtetik 45era bitartean. Aztertutako paziente horietan ez zuten ikusi aldaera horiek hilkortasunaren arrisku handiagoa zutenik. Emaitzen arabera, argi ikusten da aldaera berriei lotutako arriskua handiagoa dela.

Aldaera indiarrari dagokionez, osasun publikorako interesgarria da mutazio batzuk ikusi direlako birusaren transmisioa erraztu dezaketenak. Baina Indian, aldaeraren arazoaz aparte, beste sakoneko arazoak ere badaude. Alde batetik, birusaren transmisioaren aurreko olatua edo uhina gutxitu zenean, bertako agintariek mezu baikorrak kaleratu zituzten birusa gaindituta zegoela esanez, horrek prebentzio-neurrien lasaitasuna bultzatu zuen, jende pilaketa nabarmenak egonik. Bestetik, zoritxarrez Indiako osasun baliabideak nahiko eskasak dira. Horri guztiari gehitu behar zaio bertako herritar gehienak immunizatu gabe daudela, txertaketaren lehen dosia herritarren %10ek baino gutxiagok jasoa baitute.

Birusa gure artean modu erosoan dagoen bitartean, aldaerak agertuko dira. Horregatik, herritarren artean txertoen estaldura handiak azkar lortzeko beharra nabarmentzen da, eta birusaren eragina murrizteko prebentzio-neurriak betetzen jarraitu beharra. Horri guztiari ezinbestekoa da gehitzea zainketa birologiko indartsu bat egitea une oro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.