Urria arrosa kolorez jantzita igaro da, OMEren ekimenez urriaren 19an bularreko minbiziaren aurkako borrokaren nazioarteko eguna ospatzen baita. Egun honen xedea kontzientziak piztea eta emakumezkoen artean jarraipen zein screening frogak sustatzea da.
Bularreko minbiziaren inguruan entzuten dugun aldiro emakumezkoak datozkigu burura, baina gaitz hau pairatzen duten gizonezkoak izan ere badira, tasa %1ekoa baino txikiagoa izanik hauetan.
Zientziak bizkor egiten du aurrera zorionez, ikerketa ugari egiten da gaitz honen inguruan: tratamenduetan, kontseilu genetikoan, froga diagnostikoetan eta baita tratamenduaren bigarren mailako kalteen ondorioak arintzera bideratutako ekintzetan ere.
Zoritxarrez, urrian ikus ditzakegun kartelek zein horma arrosek gaitz honekin duten zerikusia txikia dela esango nuke. Gaitza gertutik bizi dutenek errealitatea arrosa koloretik urrun bizi baitute. Ilun.
Zerbait ondo ez dagoela antzematen den unetik tumore hitza entzun eta gaitzaren izen-abizenak zehazki jakin bitarte izaten diren itxaronaldiak gogorrak dira, luzeak,ezjakintasunak ito eta izutu egiten baitu. Ostera, gaitzaren ezaugarriei dagokien tratamendua jasotzen hasteari beldurra datorkio; bizi kalitatean edukiko duen eraginari, itxura fisikoan sortuko dituen aldaketei, tratamenduaren eraginkortasunari.
Ekintzara pasatu eta tratamenduarekin hasi orduko, prozesuak ekar dezakeen guztia dator: ebakuntza-gelara sartzeak sortzen duen izua, kirurgia ostean eduki daitezkeen minak, erradioterapiak azalean sor ditzaken asaldurak, kimioterapiaren nekea, azazkaletan eta azalean eragiten dituen aldaketak, ilearen erortzea, artikulazioetako minak, defentsen jaitsierak...
Prozesua nekeza, luzea eta gogorra da, norberak bere gorputzarekiko duen kontzeptuaren asaldura handiak sor ditzakeena, pertsonaren egoera emozionalari, autoestimuari, sexualitateari eta bizi kalitateari denboraldi batez gogorki kalte egin diezaiokeena.
Gaitza sendatu eta dena ondo dagoela jakiteko denbora luzeanegin beharreko errebisioak eta haien bezperako insomnio gauak datoz ostera. Edota gaitzarekin betiko bizi behar duten pertsonak, tratamendu aktiboan jardun behar dutenak, etenaldi txikiekin, gaitzaren eboluzioa behatzeko frogak sarritan egin behar izanez.
Urriaren 19ko karteletan ikusten ditugun irribarre amaigabe horien atzean adorez borrokatutako guda bat dago. Egunez egun, etsipenik gabe eta bizitzeko gogoz jaikitzen diren pertsonek borrokatua. Borrokan jardun diren eta diharduten pertsona hauek, arrosa kolorearekin baino, indarraren kolorearekin lotzen ditut nik.
OSASUNA PENTSALDIAN
Indarraren kolorea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu