Lutxo Egia.
20. Korrika. NIRE LEKUKOA

Indar biren artean

2017ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Korrikak badu sistole-diastoleko mugimendu bat. Lasterkariak xurgatzen ditu lekuko-aldaketetan; geroago, poliki-poliki, kanporatu egiten ditu era goxo batez. Erakarri eta sakabanatu. Hartu eta egotzi. Korrikaren indar zentripetuak barrura eroaten ditu zurrunbilo baten lez; bulkada zentrifugoak, aldiz, bota. Zu eta ni, ni eta zu. Gure mundu transmodernoaz bestelakoa den mundu bat sortzen eta taxutzen. Iragankorra, nahi baduzue, baina mundu bat.

Egun, guztia dugu neurgai: tenislarien sakeen abiada, mendi-zeharkaldien zailtasuna, ikus-entzuleen arreta... Korrikak zabaltzen duen energia positiboa neurtzerik bagenu! Korrikak adinako energia positiborik kutsatzen duenik gutxi baitago. Bilbon barrena dabilelarik, kasurako, sano berezia izaten da San Frantzisko kalea zeharkatzen duen unea. Egun afrikarren elkargunea den Cantalojas zubitik oldarka sartu eta malda arinean jaisten gara farolen argitan. Eta, konturatu orduko, Erandiorantz edo Galdakaorantz abiatu gara. Gelditu barik.

Izanez ere, Korrika ezin da inoiz gelditu. 16. edizioan txirrindularitza-lasterketa batekin egin genuen topo Zornotzara heldu orduko. Poliziak karreristei pasatzen utzi zienez, Andres Nagel eskultura erraldoiaren jiran ibili ginen antxintxiketan bukaezina iruditu zitzaigun ordu laurden batez. Oraintsu bezain bukaezina. Bata bestearen segidan, arratsalde luze bi daramatzat Basurtuko ospitaleko larrialdietako zerbitzuan. Gaur bertan bigarrena. Hamaika erizain eta medikuk artatu naute, baina bakarrak konprenitu dit. Eta bururatu zait lepo dagoen itxaron-gela honetatik ere pasatu beharko lukeela Korrikak. Eta buelta batzuk eman, patata-ren orduko hartan bezalaxe.

Luis Garcia Berlangaren filma gogoan, Mr Marshall sindromea esaten diot bide-bazterrean geratzeari, gure mundu transmodernoaz bestelakoa den unibertso horretara ez sartzeari. Gure artean ere, amerikarren Seat 1400 beltzak geldituko direlako sineste osoan, ugarik hobesten baitituzte bide-bazterreko ziurra eta erosoa. Eta autoak nola, halaxe Korrika. Baina lasterketa, indar biren artean beti, ez da gure zain geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.