«Euskal mugimenduan feministarik ez zen. Guretzat hau dramatikoa zen [...]. Gure betebeharra zen emazte gisa mugimendu abertzalearen baitan feminista gisa agertzea [...]. Martxoaren 8an, Maiatzaren Lehenean edota Aberri Egunetan agertzea».
Gure Genealogia Feministak liburuan dago bilduta hitzartze hori. 1974. urtean sortutako Euskal Emazteak Beren Askatasunaren Alde (EEBAA) taldeko kide batenak dira. Zapalketa hirukoitzaz —emakumea, klasea eta nazioa— mintzatu ziren lehen aldiz Euskal Herrian EEBAAkoak. Horregatik kontsideratzen ditugu egunean euskal feminismoaren mugarri. Garai horietan idatzi zuen Zillah Einsteinek generoa eta klase aldagaiez gain arrazak ere botere harremanetan eragina zuela. Urte batzuk beranduago, Angela Davisek ederki landu zuen zapalketa hirukoitzaren teoria Women, Race and Class (Emakumeak, Arraza eta Klasea) liburuan. Bertan, gainera, garai hartara arte historiaz egindako kontaketa feminista, zurien, heterosexualen... ikuspegitik egina zela argi utzi zuen, eta horrek aukera eman zion feminismoaren estrategiak berritzeari eta korronte ezberdinak sortzeari; egun mugimendu feministan dugun aniztasunari bide eman zion.
Bertan kokatu dezakegu Euskal Herrian hain garrantzitsua izan den Euskal Feminismoaren (edo Feminismo Abertzalearen) sorrera EEBAArekin. Arrazaren aldagaia nazioagatik ordezkatu zuten, eta garai horretara arte barruan zituzten sentimenduei teoriak atxiki zizkieten Davisi esker. Euskal Emazteen panfletoa idatzi zuten, nazio eta jendarte askapenerako borrokari eduki feministak gehitzeko asmoz. Gaur egunean «Hau ez da gure bakea!» oihukatzen dugunean, 80ko hamarkadako feministek ireki zuten bideari eutsi egiten diogu.
Angela Davisek, beraz, garai hartan, euskal feministen barnean zeuden kezka eta egonezinei hitzak jarri zizkien, eta horrela, bideari indartsu ekin zioten lehenik EEBAAko kideek, eta ondoren KAS Emakumeak, Aizan, Egizan eta beste hainbat asanblada eta koordinakundetako emakumeek ere.
Baina Angela Davisek, hori guztia gutxi balitz, askoz gehiago eskaini izan digu urte hauetan guztietan. Bere emaria etengabea izan da, eta espetxean pasatu zuen denborak utzitako arrastoei tiraka, emakumeek kartzeletan bizi dituzten egoerak aztertzera eraman du. Horretaz gain, espetxeen abolizioaren alde egin du, eta gizarte demokratiko batek pertsona guztien arteko parekidetasunean oinarritua behar duela izan aldarrikatu.
Egun hauetan, iraganaz, baina batez ere etorkizunaz hitz egin dugu berarekin; asko eman zigulako, eta batez ere, aurrera bidean bultzada ederrak eta konplizitate hobeak sortu ditugulako.
IRITZIA
Ikusezinen bozgorailua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu