Koronabirusa. BERDINTASUNA PENTSALDIAN

Ikusezinak

2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Instituzio politikoen rola mugatua da, baino ezinbestekoa indarkeria prebenitu eta eragindako ondorioak arintzeko. Badirudi COVID 19-ak eragindako krisiaren aurrean indarkeria matxista eta desparekotasuna jasaten duten pertsonen beharrizanak bermatzeko orduan tentuz ibili direla. Azkenengo urteotan feminismoak egin dituen ekarpenak eta eragindako presio politikoak oihartzuna izan dute: publikatutako gomendioetan eta zenbait erabaki publikotan subjektu politikoaren aniztasuna eta zapalkuntza ardatz ezberdinak kontuan izan dituzte, gutxienez, paperean.

Pasa den astean, adibidez, Arabako Foru Aldundiak konfinamenduaren ondorioz «larriagotu» den indarkeria matxistari aurre egiteko prebentzio programa aurkeztu zuen. Bertan, funtsezko bezala identifikatu dituzten bi kolektibotara zuzendutako neurriak prestatu dituzte: gazteak, eta 65 urtetik gorako landa- eremuko emakumeak. Gazteen artean ziberjazarpen sexistaren, sexualaren eta LGTBI+fobikoaren, ziberkontrolaren eta lodifobiaren aurka egiteko, sare sozialetan zabaltzeko edukiak aurreikusi dituzte, Deskonfinachallenge lelopean. Landa gune sakabanatuetan bizi diren adineko emakumeek pairatu behar duten isolamenduari aurre egiteko, egoerari neurria hartzea helburu duten dei telefonikoak.

Foru Aldundiaren Berdintasun eta Giza Eskubideetako zuzendariak aditzera eman zuen bezala, «zenbait emakume eta neskatorentzat, haien etxea leku segurua ez izateaz gainera, arrisku leku bat da, bertan bizi baitira egunero beren bikotekidearen, semearen, aitaren, nebaren edo abusu sexuala, fisikoa edo psikikoa jasanarazten dieten beste gizon batzuen indarkeriarekin».

Adierazpen hauek irakurri eta gero zera pentsatu nuen: zer dute komunean itxuraz hain urruti dauden bi kasuistika hauek? Besteak beste, etxea, eta etxe batek erraztu diezazkiekeen baliabideak dituztela. Pentsa dezagun orain etxerik gabe dauden pertsonetan, eta bereziki, emakumeetan.

Izan ere, erasotzailearekin etxean itxita egotea arrisku faktorea bada, etxerik gabe egotea ere hala da. Kaleak hustuta eta emakumezkoentzat bakarrik diren aterpe eta zenbait gune itxita, bertan bizi eta lo egiten duten emakumeek pairatzen duten ohiko babesgabetasun eta segurtasun eza areagotu egiten da: oinarrizko osasun neurriak betetzeko zailtasunak, kutsatze arrisku gehiago, eta isuna jartzeko mehatxua konfinamendu-agindua ez betetzeagatik.Hala salatu dute European Anti Poverty Network-ek (EAPN) eta Modhara kolektiboak Euskadin.

Bizilekurik gabe dauden emakumeen kopurua gizonezkoena baino handiagoa da, baina kalean edo aterpean ikustea zailagoa da. Zergatik? Kalean lo egiteak eragiten dizkien beldurrek (segurtasun ezagatik, seme-alabak kenduko ote dizkieten beldurragatik, edo gizarte zerbitzuen monitorizazioa ekiditeko) beste mota bateko estrategiak bilatzera eramaten dituztelako. Adibidez, senideen etxeetan lo egitera, edo zaintza-lanen truke ohe bat izateko aukera hautatzera. Zoritxarrez, horrek ez du esan nahi seguru egotea lortzen dutenik; gaia aztertu dutenen arabera, sexu abusuak eta esplotazioa jasan beharko dituzte askotan ohe horren truke.

Les invisibles film frantsesak kontatzen zigun bezala, gizarteak baztertzen dituen bizilagunen artean, ikusezinak dira. Euskal instituzioentzat ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.