Gurutze Ezkurdia Arteaga.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Ikerketa eta euskara

2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Zientzia da Jainkoaren ordezkaria gaurko gizarte honetan, eta ezagutza zientifikoaren bidez, errealitatea ezagutu eta bizitza, adiera zabalenean, arautu eta antolatu egiten da. Zientzia gaur egungo gizartearen oinarria da, errealitatea ulertu eta interpretatzeko modua, pentsatzeko modua baldintzatuz. Orokorrean onartua dugu ezagutza zientifikoa dela fidagarriena, sendoena, serioena.

Ezagutza zientifikoa zientzia esperimentalekin, Zientzia puruak eta Zientzia Teknikoen ezagutzekin lotzen da gehienetan. Baina gizakiaren edo gizartearen ikerketarekin lotutako ezagutzak ere zientifikoak izan daitezke, Giza eta Gizarte Zientzien bidez egiten diren ikerketak, hain zuzen. Berez, ezagutza zientifikoa izateko, metodo zientifikoa erabili dela adierazi behar da, eta hori ziurtatzeko, aldizkari zientifikoek itsuen pareen azterketa erabiltzen dute lana zuzena dela eta zientziak bete behar dituen baldintzak betetzen dituela adierazteko.

Ikerketa zientifikoa burutzeko hiru ikuspegi edo paradigma erabiltzen dira, zeintzuen arabera ikerketa modu batera edo bestera bideratzen den: paradigma zientifiko teknikoa, interpretatzailea eta kritikoa dira. Azken horren bidez egiten diren ikerketak, beste ezaugarri batzuen artean, ezagutza elkarren arteko komunikazioaren bidez eraikitzen dela onartzen da. Eta eraikuntza horretan hizkuntzak zeresan handia du, itzulpenak agerian uzten baitu kultura-hizkuntza batek egoera askotan eraikitzen duen ezagutzaren desberdintasuna. Hizkuntza komunikazio sistema den heinean, ezagutza eraikitzeko baliabide bihurtzen da, eta kultura eraikitzaile.

Ezagutza zientifikoa aldizkari zehatzetan argitaratzen da, aldizkari indexatuak dira. Prestigioa duten aldizkariak, index edo zerrenda horretan goren daudenak dira preziatuenak ikerlarien artean, unibertsitateetan egin beharreko ibilbide akademikorako merituak direlako. Kasua da, baina, indexatuak diren aldizkariak gehienbat ingelesez edo gaztelaniaz argitaratzen direla, nazioarte mailako argitalpenak nazioarteko hizkuntza hegemonikoetan egin behar direla esanez. Salbuespenak salbuespen, euskararen gainean egiten diren ikerketak euskaraz onartu egiten dira, baina orokorrean beste arlo batzuetan euskaraz egiten direnak, pedagogian kasu baterako, meritu akademikoak lortzeko beste hizkuntzaren batean egiten dira, edo euskaraz eginez gero, itzuli egin behar dira, erdaratu. Euskara lokalegia, tokian tokikoegia da, eta ez du lekurik horrelako zerrendetan. Euskaraz argitaratzen duten aldizkariak ere badira, baina index-ean oso baxu daude, egon. Ondorioz, euskaraz eraikitzen den ikerketa ez da meritutzat hartzen, ez du prestigiorik. Euskarari ematen zaion tokia zientziaren zabalkundearena da, hau da, beste hizkuntza batzuetan ikertu, eta ondoren euskaratu egiten dira ikerketak Euskal Herriko medioetan zabaltzeko.

Beraz, euskaraz ikertzea ez da praktikoa, ezin baita ibilbide akademikorako erabili. Euskarak kristalezko sabaia du ikerketaren munduan. Noiz arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.