Ion Orzaiz.
ANALISIA

Ikasturte hasierako gidoia

2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Miravalles-Redinek eta Irabia-Izagak ez dute sinatutakoa bete, eta gure ardura da ikastetxeei exijitzea legea bete dezatela». Nafarroako Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenoren hitzak dira, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten bi ikastetxeen finantzaketa itunaz. Hitzok, baina, ez dira atzokoak, duela urtebetekoak baizik [BERRIA, 2021-10-02]. Hemerotekara jotzea bezalakorik ez dago, ikusteko ikasturte hasierako gidoia ia hitzez hitz betetzen ari dela PSNko hezkuntza arduraduna: hedabideen aurrean eskola erlijiosoen «arau urratzeak» eta «irregulartasunak» salatu, zigorrak iragarri, polemika piztu eta hezkuntza publikoaren aldeko aldarria egin. Iazko gidoia betetzen bada, ordea, argi dago zein izan daitekeen hurrengo urratsa ere: ikastetxe horiexen finantzaketa ituna berritzea, kalapita handirik gabe, sexu-segregazioa erauzteko «konpromisoa» hartu dutelako, edo bat-bateko eredu aldaketa batek ikasleei eraginen lizkiekeen «desoreka emozionalak eta moldatzeko arazoak» eragotzi nahi dutelako [sic].

Halako argudioak erabilita, Lehen Hezkuntzako ikasgeletatik sexu bereizkeria «era progresiboan» erauzteko hitzarmena sinatu zuten iaz, eta, horri esker, finantzaketa beste bost urtez bermatu zuten bi zentroek, 2026ra arte. Orain, Lehen Hezkuntzan ez, Batxilergoan antzeman dute arazoa —aspalditik jakina bazen ere—, eta ikusteko dago zer bide hartuko duen Gimenok: hitza bete eta ikastetxe horien itunetik kanpo utzi, ala, gidoiari eutsita, bereizkeriari beste luzapen bat eskaini.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.