Iruñean ia dena prest dago espetxe berria irekitzeko. Eraikina azken ukituen zain dago urte berriarekin batera funtzionatzen hasteko. Agintariek aste honetan aurkeztu dute «XXI. mendeko kartzela eredua». Halaxe definitu du espetxea Mercedes Gallizok, Espainiako Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak, Nafarroako hiriburuan. Telebistan ikusi ahal izan dugu eraikin modernoa: gela zuri garbiak, gimnasioa, frontoia… Igerilekua ere badu kartzelak. Txandaka erabiliko dute presoek, modulo bakoitzak egun jakin batean. Igerilekua «terapeutikoa» dela zehaztu du Gallizok, «ez jolaserako», eta hor zalantzak agertu dira: ez dago argi bainua hartzeko baimena soilik bizkarreko mina duten presoei emango ote zaien eta, hala bada, zergatik beste presoek ez duten izango Michael Phelps berdindu nahi izateko eskubidea. Bestalde, ikusteko dago erabilera terapeutikoa izango duten gatibuei onartuko ote zaien uretan plisti-plasta ibiltzea, instalazioa jolaserako ez bada.
Kartzela berriak mila lagun ingururentzako lekua izango du, eta hura betetzeko kanpoko presoak ekarriko dituzte Euskal Herrira. Hemendik presoak eraman, handik presoak ekarri. Dispertsioa bi norabideetan, horixe politika. Distantzia, urruntzea, tresna izan da beti presoak eta haien senideak gehiago zigortu eta makurrarazteko. Ingalaterrak Australiaraino bidaltzen zituen gatibu arriskutsuenak; Frantziak, Guyanara —Steve McQueenek eta Dustin Hoffmanek ederto azaldu ziguten Frantziako kartzela sistemaren krudelkeria Papillon filmean—. Espainiak bere lurralde afrikarrak erabili ditu euskal presoak zigortzeko: Ceuta, Melilla edo Kanaria uharteak—Afrikan daude, ezta?—. Eskerrak Ekuatore Gineak independentzia lortu zuen 1968an, osterantzean hara bidaliko zituzten.
Gallizo oso baikor agertu da hedabideen aurrean, espetxea «gure demokraziaren mailakoa» dela argudiatuta. Hor ere zalantzak, demokrazia non kokatzen duzun. Eraikina Euskal Herrian dagoenez, eta demokrazia espainiarra dugunez, badago kartzelaren kalitateaz duda egiteko arrazoirik. Batez ere ohartzen bagara igerileku terapeutiko hori Europako kartzela sistema latzenetako batek diseinatu duela. Espainiako demokraziaren mailako kartzela sistemak, alegia.
Ez da hor bukatu marketina. Espainiako Gobernuaren ordezkariak izurra izurtu du, kartzela eskulan egokia lortzeko tresnatzat jo baitu, krisiari aurre egiteko, antza. Ildo horretan, tailerretan parte hartzeko deia egin die Nafarroako enpresariei, «presoak bergizarteratzen laguntzeko». «Deslokalizazio garaietan kartzelak alternatiba onak izan daitezke», azaldu du.
Kartzelak deslokalizazioak saihesteko. Zenbat eta preso gehiago egon, orduan eta aukera gehiago enpresarientzat eskulan merkea lortzeko. Gatibuek lanbidea ikasiko dute tailerretan, eta haien lan indarra salduko diete enpresariei bergizarteratzen laguntzearen truke, ia sosik jaso gabe. Hala, gure empresa gizon-emakumeek ez dute tentaziorik izango lantegia Turkiara edo Marokora eramateko. Bertan baino behargin askoz merkeagoak izango dituzte Iruñeko kartzelan. Langile gatibuak baino hobeto aterako zaizkie preso langileak. Hemengoak zein Turkiakoak edo Marokokoak. Denak pozik: gatibuak eta enpresariak. Presoek, gainera, aukera izango dute igerileku terapeutikora joateko, lanaren ondorioz bizkarreko minik badute. Eta aitzakia uretan plisti-plasta ibiltzeko, Gallizo andereak jolas egiten uzten badie.
Darwin eta gu
Igerileku terapeutikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu