Gurutze Ezkurdia Arteaga.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Idatz eta Mintz

2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Izurrite garai hauetan, komunikazio baldintzak aldatu egin zaizkigu, eta hizkuntza idatzi telegrafikoaren presentzia gero eta handiagoa da, elkarren arteko komunikazio eta harremanetan, sare sozialetan zein eskolan, telebistan, prentsan, Whatsappean, txioetan... Denek idatzizko ereduari erantzuten diote. Asko dira, euskaraz eskolatuak eta alfabetatuak, idatzizko hizkuntza zuzen eta aberatsean, eta asko, ahozko erdal jario erraza eta sakona duena sentipenak eta egon ezinak adierazteko. Ahozkoan erdara batua da nagusi, nire inguru kaletarrean, behintzat.

Gogora etorri zait behinola Mikel Zarate zenak idatzitako alegia. Ekidazun jaio ziren biki-soinkideak, bikoitz-siamesak, Erranbideren haurrak ziren. Senar-emazteen arteko eztabaidaren ostean, erabaki zuten Idatz eta Mintz deitzea. Urteak pasa ahala, hazi egin ziren. Mintz handiagoa zen, irudimentsua, bizkorragoa eta argia, alaia eta herrikoia. Jaio zenetik Ekidazuko esakera, errefrau, kantu denak zekizkien, hitz jarioa zuen, bertsolaria, sentimenduzko hitz ederren sakona zeukan. Idatz, aldiz, pausatua zen, serioagoa, neurtua eta zehatza, lasaiagoa, jakintsu argia. Mintzen jariotik jakituria batu, zuzendu, edertu eta gorde egiten zuen. Mintz bertsolaria bazen, Idatz, olerkaria.

Baina biak desberdinak izan arren, bikiak ziren, biki-soinkideak eta bat ziruditen, ondo konponduz eta elkarri lagunduz. Emaginak esandakoari jarraiki, «Haserre edo adiskide, soinkideok soinkide!». Eta Erranbideri esan zion, «Idatz eta Mintz, batean bi, luzaro ezin banan bizi!». Beti elkarturik bizitzeko jaioak dira. «Ez banatu sekula, ez horrelakorik!», esan zion emaginak.

Baina hiriburuko jakitunak, merkatuaren onerako, nazioartekotasunean ezagunagoak izateko eta beste hainbat aitzakiatan, soinkideen banaketaren aldekoak ziren, eta bertan, atso zahar ezjakin batek esandakoari ez kasurik egiteko esan zioten aitari, Erranbideri. Askeak izanda, bakoitza bere aldetik ibilita, askoz errazago izango zuketen bizitzari eta etorkizun teknologikoari aurre egitea. Erranbidek zalantza handiak zituen, hain zoriontsu ikusten zituen bere bizkiak! Baina lagunek eta jakitunek esan eta esan zituen:«Bana itzazu! Zoriontsuagoak izango dira eta gainera, askeak!». «Idatzek bakea hartuko du Mintz zaratatsuarengandik urrunduta, eta Mintzek askatasunean irabaziko du, jario handiagoarekin ibiliko da, han eta hemen!».

Bikiek ez zuten banaketaren berririk entzuterik nahi, baina hiriburura eraman zituzten eta bertan, mediku eta jakitun ospetsuek banatu egin zituzten. Banatu, eta hasieran dena ondo joan zen arren, denbora pasa ahala, Mintz mututzen hasi zen eta usteldu egin zen. Idatz, zurbilduz joan zen, momia bihurtu eta museoan erakutsi zuten. Medikuek eta jakitunek, artega, ez zuten jakin nola bideratu egoera.

Beldur naiz gure gazte euskaldunak, eskolatuak, jantziak eta jakitunak ez ote diren Idatzen antzera museoetako bizikide bihurtuko, eta bitartean eurengan bizi den Mintzen mututze sakon hori ez ote den erdal sakoneko bizipenetan ustelduko. Eta gu? Gu, zer egin ezinean!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.