Mirene Begiristain Zubillaga.
Koronabirusa. PENTSALDIAN

Iceberga irauli

2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Iceberg baten zatirik handiena ur azpian dago, grabitatearen eraginez. Flotazioa Arkimedesen printzipioak azaltzen du, uraren eta icebergaren dentsitatearen orekaren ondorioa. Hortaz, ikusten dugun icebergaren punta izozmendiaren %10 da, eta gainerako %90a ikusezin geratzen da.

Duela gutxi ikusi dut lehen aldiz iceberg bat iraultzen. Zergatik iraultzen da? Glaziar edo iceberg handiago batetik askatzen denean omen; edo itsaso epelagoetan sartzean urtzen denean, bere pisua eta oreka aldatuz. Ez omen da ohikoa, baina bai gero eta ohikoagoa, itsasoa eta atmosfera berotzen ari direlako. Biratzean, bere kolorea ere aldatzen da, urdin distiratsuago bat hartuz, eta buelta eman den seinalea izan daiteke. Iceberga iraultzea mehatxu bat ere izan omen daiteke, energia handiko tsunamiak edo lurrikarak eragin ditzakeelako.

Ekonomia feminista aipatzean icerbegaren metafora erabili ohi da: ur mailatik gora, egun merkatuaren eta estatuaren arabera balioa duten elementuak, Barne Produktu Gordinaren indikadorearen pean neurtzen direnak (merkantziak eta zerbitzu publikoak); ur mailatik behera, icebergaren eremu ikusezinean, ur mailatik gora dagoena mantentzeko beharrezkoak diren elementuak, komunitate, etxeetako zaintza eta natur sistemako elementuak, Barne Produktu Gordinean sartzen ez den euste katea (auzotasuna eta elkarketa, maitasuna, zaintzak, identitatea, autoestimua, ondasunak eta oinarrizko natur zerbitzuak). Bistan denez, eguneroko bizitza bermatzeko, «jarduera» ikusezin ugari behar ditugu. Eremu ikusezin eta ez baloratu horiek naturari, arlo pribatuari, etxeko arloari eta, tradizioz eta maiz, emakumeek protagonizatutako ordaindu gabeko lanei eta rolei lotutakoak dira.

Ekonomiari buruzko teoria tradizional guztiek ur mailatik gora dagoen izotz zatia baino ez dute kontuan hartzen, iraunaraziz eta zalantzan jarri gabe jendartearen premiak bigarren maila batean uzten dituen sistema. Ekonomia feministak icebergaren alderdi ezkutua argitara atera nahi du. Baina, iceberga iraultzeko, ekonomia feminista hegemonikoaren begirada zabaltzea ere beharrezkoa da, hainbat zapalkuntza/pribilegio ardatzen dikotomia jarraituak gainditzeko, dualtasun estatikoaren konplexutasuna aztertuz eta sistema komuna, plurala eta intersekzionala zer den zehaztuz. Ekonomia iraultzea ez delako ikusezina argitara ateratzea soilik; intertsekzionalitateaz blaitzeko, ez da nahikoa diskriminazioa seinalatzea edo adieraztea, baizik eta zapalkuntzaren aurka sortzen den erresistentzia zertan datzan xehatzea, hau da, praxi kritikoaren protagonistak erdigunean jarri eta eraldaketarako entzumen aktiboa suspertzea.

Bi urtetik behin ospatzen den Ekonomia feministaren VII kongresua uztailaren 1-2-3an izango da, Bilbon, Bizitzaren saregileak. Sare feministak ekonomiaren oinarriak astintzeko lemapean. Sarea botatzen —edota ereiten—duenak beti ez badu jasotzen ere, Bilbokoa, Bilgune Feminista Gure baitako mugak hausteko antolatzen ari den topaguneak edota herriz herriko beste hainbat arnasgune behar ditugu. Behar ditugu ur azpiko iceberga zeharkatzeko, urak epeldu edota glaziar handitik bereizteko, egungo prozesu eta testuinguru historikoen baldintzak ekodependentziaren eta interdenpendentziaren dentsitatearen arabera eraikitzeko, iceberga iraultzeko aukerak harilkatzeko, iceberga dinamitatzeko bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.