Andres Krakenberger.
'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaia. Iritzia

Ibilbide luzea da

2013ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Orain dela bi urte ETAk borroka armatuari utzi zion. Erabaki hura hobekuntza izan zen, de facto, giza eskubideen egoerarako, gure ingurunean. Baina erakundeak gehiago egin dezake, oraindik ere; hain zuzen ere, armak ematen edota erabilezin bihurtzen baditu eta, ondoren, egokitzat jotzen duen moduan desagertzen bada. Eta hori ez da nik esaten dudalako, edo ordezkari politiko batek edo besteak exijitzen duelako, baizik eta, horrela, Parot doktrina izenekoa indargabetu ondoren aurrez aurre dugun ibilbide luzean lagungarri izango delako. Ibilbide luzean daude, oraindik ere, zabaldutako sumario penal batzuk: prozesu horretan akats larriak izan dituzte eta behar adinako bermerik ez dute eskaintzen. Ibilbide luze horrek ere hainbat jomuga izan behar ditu ere; hala nola preso diren pertsona guzti-guztiek nazioarteko zuzenbideak aurreikusitako onura berberak izan behar dituzte, salbuespenik gabe.

Oraingoa ez da lehenengo aldia, non Europa lagungarria izan den Espainian giza eskubideen egoera hobetzeko. Esaterako, 1994an, Europako Kontseiluaren irizpenak ezinbestekoak izan ziren Zigor Kode Militarrean heriotza zigorra abolitzeko. Parot doktrina Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren eskutik erori da. Eta ez zegoen beste aukerarik, doktrina horrek argi eta garbi urratzen baitzuen legeei dagokien atzerako eraginik ezaren printzipioa —zuzenbidearen zutabea—. Hain agerikoa zen ezen, doktrina hori aplikatzearen aldekoek ere ez baitzuten ukatzen atzerako eraginaren izaera, eta argudiatzen baitzuten atzerako eragin hori ez zetorrela legeditik, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziatik baizik. Garrantzitsua, beraz, atzerako eraginik ez egotea da (ez atzerako eragin hori bideratzeko modua).

Badago Auzitegi Gorenaren jurisprudentzian, berraztertu beharreko gai gehiago. Hain zuzen, Konstituzioaren 10.2 artikuluaren aurkako hainbat epai badira; artikulu horretan baieztatzen da oinarrizko eskubide eta askatasunei buruzko arauak Espainiak berretsitako giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen arabera interpretatu behar direla. Baina, esan bezala, epai batzuk gutxiespen versailleskoa azaltzen dute, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen beste tresna batzuk hartu dituzten erabakiekiko.

Laster behar bezala frogatuta geratuko da tortura etengabea dela Espainian. Tortura, gainera, ez da antzematen Euskadirekin erlazionaturiko kasuetan soilik. Etorkinen egoerari lotutako kasuetan eta, orain bereziki, sistemak «sistemaren aurkakotzat» jotzen dituen protesten kasuetan ere antzematen da. Torturak ez ikertzeagatik hiru epaietan Estrasburgok Espainia kondenatu ondoren, ikerketarik ez egotea ezin da, gehiagotan, aitzakia izan. Honetan ere aldaketak beharrezkoak dira.

Gure artean elkarrekin bizi diren sentsibilitate politiko guzti-guztiek zintzotasunez aitortu beharko lukete —eta eginez, ez bakarrik hitzez—, iritzi eta uste ezberdinetako pertsonen artean eragindako kaltea. Giza eskubideen urraketa larrien biktima guztiei —edonolakoak izanda—, egia justizia eta ordaina izateko eskubidea bermatu behar zaie, inolako salbuespenik gabe.

Ibilbide luzea da, bai, baina egitea ez da ezinezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.