Zer emozio jasa! Sare eta mitinak blai superlatiboz! Uharrean datoz batzuen ala besteen erresumina, haserrea, maitasuna, alaitasuna, beldurra, nazka, harridura, harrotasuna, kulpabilitatea, simulatuak nahiz egiazkoak: Darwin zoratuko litzateke.
Bada logikoa, behin programa eta argumentuak mahai gaineratu-eta, jendeari nahi duena erran behar zaio eta zer nahi du? Bizirik sentitu. Alta, gorputzak trinkoki emozio anitz bizi dituenean, edo jasangaitza bilakatzen zaio, edo adikzioa pizten eta hor, geldituko bagina, deskonpentsatuko luke eta... depresioa. Badatoz astelehen euforikoak nahiz dorpeak!
Niretzat ere berezia izanen da astelehena. Azkena dut gaurkoa eta aitortuko dut distantzia senditu dudala kanpainari beha, zoritxarrez ez baitut murgildurik bizi eta erabakia ez baitoakit, aldi berean ilusio handiz jarraiki dut, kontinentearrak garen abertzaleontzat inportantzia handikoa baita. EAEk aitzina egitean Euskal Herri osoak baitu aitzina egiten. Oroz gainetik gure errealitate gordinean segitzeko motibazioa eman diezagukelako. Ilustratzeko, Aldudeko Argibeleko harria noiz mugi zain bezala gaude. Harri-kilika kozkor zabalaren patua da mugiezina dela baldintza konkretuetan salbu. Errugbi taldearen bortxaz ez da igituko, gune egokitik eta neurrian bultzatuz bai. Omen, haize firfirak nondik jotzen duen eta dardarka jar lezake.
Hor bezala hemen, igandea pasako dut emozionaturik, Euskal Herriaren bilakaera(eza)k erremediorik kausituko ote duen zain, haizeak alde joko duelako esperantzarekin.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. ZIRRI-ZARRA
Hor bezala, hemen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu