Pastor
DARWIN ETA GU

Hogeita hamar urte barru

2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Larunbata, hilak 21. Zinema espainiarrari buruzko saioa antolatu dute Bretainiako hiriburuan. Lasa eta Zabala filma dago ikusgai. Amaieran solasaldia hasi da: ETA, indarkeria, biktimak… Ikusleetako batek hitza hartu du: «ETAk jende asko hil du, baina milaka euskal herritar daude frankismoaren garaitik gaur arte torturak jaso dituztenak, hildakoak…». Berotu da giroa. Lagun batzuk oihuka hasi zaizkio, eten nahian. Ikuslearen azken hitzak: «Ezker abertzaleari leporatzen diozuen jokaera intolerante berdinaz jokatzen ari zarete orain».

Asteartea, hilak 24. Rajoy Gasteizen dago Biktimen Oroimenezko Zentroaren lanei hasiera ofiziala emateko. «ETAren biktimen egia historikoa» ezarriko du zentroak. Ez du beste biktimarik aipatu. Zer espero genuen? Rajoyk bere alderdiaren genesian egon zen eta eskuak odolez beteta zituen ministro frankistari uko egitea? Don Manuel zaintzaileaz arnegatzea?

Osteguna, hilak 26. The New York Times-ek Irlandako krisiari buruzko artikulua argitaratu du. Bozei begira, Fine Gael eta Fianna Fail alderdiei beste boto ematen dizkiote inkestek Sinn Fein-i: %20. Paddy Prendivillek, The Phoenix aldizkariko editoreak, egoera azaldu du: «Sinn Feinek bikoiztu egingo du legebiltzarkide kopurua. Inori ez dio ardura IRAk duela 30 urte zer egin zuen».

Zenbateraino lotu behar gaitu iraganak etorkizunerantz abiatzeko? Bakearen izenean justizia nolabait sakrifikatu behar dela adierazi du Santos presidenteak Kolonbian, FARCekin egiten ari den negoziazioei buruz mintzo. Eta Rajoy, prozesua txaloka. Hango prozesua, jakina. 30 urte barru nor kezkatuko da ETAk egin zuenaz? Soilik haren biktimak ala gizarte osoa? Gizarte osoa kezkatzen dute orain 36ko gerrako krimenek edo frankismoak duela 40 urte egindakoek? Herritar asko bai; beste asko ez.

Azken horiek aurrera begiratu behar dela esaten dute. Gainera, buelta eman nahi diote historiari. Horra hor Nafarroako Legebiltzarrean postfrankistek eta PSNk onartutako testua, ETAren eta ezker abertzalearen genozidioa salatzeko. 1968an, Nafarroako herri batean, neskato bati mihia ziztatu zion maisuak konpas batez, euskaraz egiteagatik. Baten batek haren kontra egin balu erantzun moduan, hura izango zen orain genozida. Eta maisua, biktima.

NBEren Genozidioaren kontrako Konbentzioan zehazten diren definizioak irakurri ote dituzte politikari nafar horiek? Alain Destexhek, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeko idazkari nagusi ohiak dioenez, «inflazioa» dago genozidio hitzaren erabileran. Kontzeptu horren benetako esanahia higatzen ari da. Berdin pentsatzen du Michael Ignatieff-ek, Harvard-eko Unibertsitateko Giza Eskubideen Politikarako Zentroko zuzendariak: «Genozidio hitza inoiz ez da irteten hura erabili beharko luketenen ahotik. Zoritxarrez, hitz hori erabiltzen dutenak hutsalkeria bihurtzen ari dira, edozein biktima mota izendatu eta baliozkotzeko». Esan diezaietela parlamentari nafarrei.

Euskal Herrian 200.000 genozida baino gehiago omen daude kalean. Espainiarren etxeak eta auzoak suntsitu dituzte; herritarrak labeetan erre dituzte soilik espainiarrak sentitzeagatik; seme-alabak kendu eta euskal familiei eman dizkiete; esterilizazio kanpainak abiarazi dituzte espainiarrak ez ugaltzeko. Zeren zain dago Hagako auzitegia genozida horiek Radovan Karadzic-en ziega berdinean sartzeko?

90eko hamarkada, Nafarroako iparraldeko herrixka batean. 80 urtez gorako gizona telebistari begira dugu. Gaixo dago. Laster hilko da. Irudiak aurkikuntza baten berri ematen ari dira: antzinako hezurrak, tresnak... Gizona negarrez hasi da isilean, baina alabak malkoei erreparatu die. «Zer duzu, aita? Horregatik egiten duzu negar?». Gizonak, ezetz. Gogoratu du gerran nazionalek mobilizatu zutela eta frontean beste euskaldun batzuen kontra egin zuela. Preso hartu eta hil egin behar izan zituela. Eta fusilatu aurretik elkar besarkatzen zutela euskaldunek. Gudari presoek eta tiro egingo zieten nafarrek. Negarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.