Jenofa Berhokoirigoin.
Lurralde egituraketari buruzko eztabaida. Analisia

Hitzak neurtuz

2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Izanen da Frantziaren partetik Ipar Euskal Herriaren «aitortza»; egitura «instituzional» egokiena aurkitzeko lana hasiko du Frantziako Gobernuak. Hori da Deszentralizazio ministroak herenegun Hautetsien Kontseiluko ordezkaritzarieman mezua. Poza eta esperantza zen nagusi mezua jaso zutenen aurpegian: «Atea irekirik daukagu, eta gogoeta segitzeko nahikaria erakutsi digu». Hitz ederrak adierazi zituzten sozialistek, ezagupen instituzionalaren bidean emandako lehen pausoa dela erranik. Atzo ez ziren egon Hautetsien Kontseiluaren prentsaurrekoan. Sozialisten ahotsa entzun zen haatik atzo, ministerioak bidali komunikatu baten bidez. «Pays egiturak eta Garapen Kontseiluak egin lan bikaina txalotu du Lebranchuk. Euskal nortasuna hobeki kontuan hartzeko nahian abiaturiko eztabaidari gobernuak arretatsuki begiratzen dio». Gehiagorik ez zuten azaldu, eta aipatu ezagupena ez zuten aipatu ere egin.

Baina zer da Lebranchuren begietan «aitortza»? Zeri deitzen dio «egitura instituzionala»? Bileratik atera, eta hautetsien partetik euskal lurralde elkargoaren aipamenik batere ez izanak zer erran nahi ote du? Errandako hitzek bezainbat, erran ez diren hitzek duda ere gomitatu zuten pozaren eta esperantzaren erdira. Hitzen neurtzearen garrantziaz anitz dakite kargudunek. Ontsa dakite hitz batzuek bi aldeak asebete ditzaketela, azkenean hain zehaztugabeak izaki, bakoitzak komeni zaion definizioa ikusten duelako.

Gehiengoa dago euskal lurralde elkargoaren alde, eta argi da horientzat aitortzaren gibelean beren eskakizuna dela gordetzen. Argi eta garbi ere dute «egitura instituzionalak» Ipar Euskal Herriari eskumen eta aurrekontu propioak baita sufragio unibertsalean bozkaturiko biltzarra emanen duen egitura bat izan beharko duela. Euskal lurralde elkargoaren aldarriak duen sostengua agerrarazi beharko dute ondoko asteetan. Hautetsiez gain, eragile ekonomiko eta sozialek, guztiek beharko dute deiadar luzea entzunarazi Pariseraino.

Hori izan beharko da gobernuaren erantzuna. Ezin dute hitzekin jolastu horrela, joko arriskutsua dute. Jendeak ez duelako 1981-bis bat onartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.