Badira urte gutxi batzuk hizkuntza berri bat ikasi genuela eta ulertezinak ziren hamaika liburu irakurtzen hasi ginela. Horrela adieraz daiteke, nire ustez, historiaurreari buruz paleogenomika ematen ari zaiguna. Aspaldiko indibiduoen milioika ezaugarri genetiko, atzoko eta egungo indibiduoen ezaugarriekin erkatzean, sendotasun itzela duten erlazio genetikoak finka daitezke eta galduta uste genuena argiki azalarazten zaigu. Horren inguruan Nature aldizkarian argitaraturiko azken bi adibideak ekarriko ditut hona.
Alde batetik, Lipson eta lankideek Europako Neolitoaren inguruko lana argitaratu zuten azaroan. Ezaguna zen lehenagotik orain dela 8.000 urte inguru Ekialde Hurbilean jatorria zuten gizatalde batzuek nekazaritza eta abeltzaintza zabaldu zutela Europan zehar. Gertatutako prozesu horretan sakontzeko, lan honetan 180 indibiduo analizatu dituzte eta ikusi dute nola, Europako eskualde bakoitzera heltzerakoan, nekazari horiek bertako jatorrizko ehiztari-biltzaileekin mailaren batean nahastatu egin ziren. Badirudi, gainera, ehiztari-biltzaile horiek ez zirela bat-batean desagertu, poliki-poliki horien genomaren proportzioa handituz baitoa nekazarien taldeetan, hau da, belaunez belaun nekazariak, ehiztari-biltzaileak barneratzen joan ziren haien taldeetan. Iberiar penintsulan, adibidez, nekazariek zuten ehiztari-biltzaileen genomaren portzentajea orain dela 6.000 urte %23 izatetik, %27 izatera igaro zen mila urte beranduago. Gogora ekarri nahi dut azken datu horiek erlazio zuzena dutela gurekin, nahasturiko nekazari eta abeltzain horiek egungo euskaldunen arbasoak baitira, orain dela bi urte frogatu zuten bezala.
Bestetik, Moreno-Mayar eta lankideek Ameriketako indigenen inguruko beste berri bat atera dute. Orain dela 11.500 urteko Alaskako haur baten genoma sekuentziatu dute, eta ikusi dute nola Ameriketako indigenen arbasoak asiarretatik desberdintzatzen hasi ziren orain dela 36.000 urte inguru, orain dela 24.000 urte guztiz isolaturik geratu zirelarik Beringian. Populazio hori egungo Ameriketako indigena guztien arbasoa izan zen eta egungo talde desberdinak kontinentean zehar hedapena ematen zen heinean agertzen joan ziren. Europarren emaitzekin alderatuz, amerikar indigenen jatorriaren inguruko emaitzak nahiko orokorrak dira oraindik; finean, analizatu diren indibiduo zahar guztien %6 baino ez dira kontinente horretakoak. Urriagoak dira oraindik analizaturiko Afrikako indibiduoak (%1) edota ozeanikoak (%0,5). Zenbat dugun oraindik jakiteko!!
ARGI ALDIAN
Historiaurrea eta paleogenomika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu