Garikoitz Goikoetxea.

Hiru txartel

2023ko ekainaren 19a
16:34
Entzun

Pilatuz joaten dira txartelak karteran: badira egunero-egunero erabili beharrekoak, badira badaezpada aldean eraman beharrekoak, eta badira jadanik erabili ez arren zorrotik atera nahi izaten ez direnak, norbere historiaren zati ezinbestekoak direlako.

BERRIAko kazetari-txartela azpi-azpian. Horitzen hasia da. Hamabost urte dauzka, eta argazkiko kazetari(gai)ak, hemeretzi. Aukera asko irekitako txartela da. Aukera, batetik, euskarazko egunkari nazionalean aritzeko, onenen alboan ikasteko: notiziei gakoak aurkitzen, titulu ahulak hobetzen, esaldi aldrebesak txukuntzen, testu soilak diseinu egokiz janzten. Ikaskuntza-prozesu aparta. Hori ere mahai gainean jartzekoa da: BERRIAk urteotan nolako ahalegina egin duen jendea trebatzen, euskalgintzan ari den zenbat jende igaro den BERRIAren eskolatik, nahiz eta gaur egun haietako asko BERRIAn ez aritu. Txartel hori aukera izan da, bigarrenik, momentu berezi askoren lekuko izateko: nola ahaztu, adibidez, 16. Korrika hura, Tuteratik Gasteizera joan zena, 20 urte eskasekin furgonetatik bizi ahal izandakoa. Edo haren atzetik etorritako beste bi Korrikak, edo azken urteetan Euskal Herriaren norabidean pisu handia izan duten gertaerak. Eta txartel hori aukera izan da, hirugarrenik, jende asko ezagutzeko: jende ezaguna bai, baina batez ere euskalgintzan inurri lanean ari den jende asko, eta etxeko jendea bereziki, BERRIAkoa. Zaintzaren ikur ere bai baita txartel hori: esne-mamitan bezala zaindu zuten gaxte hura, lanegun gogorretan gominolak ekartzen zizkioten hura, yogurin izatera ere iristen ez zen petit-suisse hura.

Aurreko txartelari itsatsia dago bigarrena: BERRIAlagun-txartela. Garai oso zailetatik ernetako indarraren ikurra da. Hogei urteko bidean zailtasun asko izan da, sorreratik bertatik, eta komunitatea giltzarri izan da horiei erantzuteko. 2008ko krisiaren ondorengo urteak latzak izan ziren benetan. Paradoxa gogorra: inoiz baino irakurle gehiago, baina diru-iturri gero eta gutxiago. Eta, testuinguru horretan, beste kolpe bat: irismena, BERRIAri dirulaguntzak gutxitzeko eredua. Garai latz haien fruiturik onena da komunitatea lantzeko figura hori: BERRIAra jotzen duten herritarrak trinkotzeko eta BERRIAri ekarpena egiteko bidea. Nahiz eta babes publikoa areagotu, datozen urteetan ere ezinbestean landu beharrekoa da komunitatea: horrek ematen diolako izatea BERRIAren proiektuari, hartzaileek, hartu ez ezik eman ere egiten dutenek.

Eta hirugarren txartela, egunerokoa, karteraren goialdean: Mugi txartela, garraio publikoa erabiltzekoa. Ikusita nolako aldaketak ari diren gertatzen komunikazioaren eremuan eta egoera soziolinguistikoan, ezinbestekoa da garraio-txartel bateratuen filosofia euskarazko hedabideetan txertatzea. Kontuan hartu behar da, izan ere, euskarazko hedabideen kontsumoa oro har ez dela barne-lehiazkoa, nahiz eta maiz irudikatu izan den hori —besteak beste, urteroko lehia bidezko dirulaguntzekin—. Euskarazko hedabide batera jotzea ez da motibo euskarazko beste hedabide batera ez jotzeko, kontrakoa baizik: kontsumoak kontsumoa dakar. Hori areagotzea da erronka: mugikortasuna handitzea, euskarazko hedabide batetik bestera joateko erraztasunak jartzea. Horra garraio-txartel bateratuaren irudia. Orain artekoa baino elkarrekikotasun handiagoa komeni da, esate baterako, tokiko hedabideen eta nazionalen artean: nork bere eremua eta proiektua du, baina tarte handia dago elkar osatzeko, euskarazko komunikazio-esparruari osotasun ikuspegiarekin heltzeko. Indarrak uztartu beharra baitago. Batetik, erdarazko eskaintza ugaritzeak dakar euskarazko eskaintza proportzioan gero eta mugatuago agertzea; bestetik, aintzat hartu behar da egoera soziolinguistikoa nola ari den aldatzen, eta portzentajean gero eta euskaldun gehiago direla euskarazko sozializaziotik kanpo bizi direnak. Euskarazko komunikazio-esparrua sendotzekotan, bide berriak lantzeaz gainera, beharrezkoa da martxan dagoenari etekin handiagoa ateratzea, elkarrekikotasunean pausoak ematea, eta bereziki proiektuen ikusgaitasuna lantzea.

Hogei urte BERRIAk. Hiru txartel, eta hiru mezu: lehenik, eskerrik asko, gaztetxo hari ateak zabaltzeagatik eta euskalgintzan murgiltzeko aukera emateagatik; bigarrenik, segi aurrera, komunitatea handitzen eta euskararen normalizazio-prozesuan ekarpen ezinbestekoa egiten; eta, hirugarrenik, bildu, euskarazko gainerako hedabideekin hasitako elkarlan-bideetan pauso gehiago eman, aurrean dauden erronkei ahalik eta modu bateratuenean aurre egiteko. Zorionak, eta etor daitezela urteurren gehiago ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.