Alderdi nafarren munizio politiko kutunenetakoak dira euskararen gaineko ikerketa eta txosten soziolinguistikoak. Zergatik? Datuei nondik begiratzen zaien, edozertarako balio dutelako. Gauza bat eta haren kontrakoa defenditzeko, kasuan-kasuan. Hala, UPNk eta PPk erabilera datu apalei erreparatu ohi diete, horrek justifikatzen duelakoan euskararen aldeko inbertsio oro neurrigabetzat jotzea. Talde euskaltzaleek, aldiz, ezagutza mailaren goranzko bilakaeran jartzen dute azpimarra, hizkuntza politika egokiagoak eskatzeko oinarri gisa.
VII. Inkesta Soziolinguistikoa ez da ezberdina izanen, eta, ziurrenik, askotariko gogoetak piztuko ditu datozen asteetan —areago, hauteskundeak hurbildu ahala—, baina ezin uka daiteke, euskaltzaletasunaren ikuspuntutik, aurtengo argazkiak gehiago duela positibotik, eta, batez ere, norabide bat seinalatzen duela. Ikusgai da oraindik inkestak zer esanen duen Euskal Herriko gainerako herrialdeez —emaitza horiek aurrerago jakinaraziko dituzte—, baina Nafarroan, bederen, euskararentzat positiboak diren hiru ondorio atera daitezke. Lehena, agerikoa: euskaldunak gero eta gehiago dira Nafarroan. Igoera ez da bertigoa eragiteko modukoa, inondik inora, baina hor dago: duela 30 urte, herritarren %14 ziren euskarazko ezagutzaren bat zutenak; gaur egun, %25etik gertu dira. Lau herritarretik bat. Era berean, erdaldun elebakarren zakua husten ari da pixkanaka, oraindik gehiengo zabala diren arren: %86 ziren lehen, %75 dira orain. Azken hamarkadetako aldaketa demografikoa tarteko, ordea, kopuru absolutuek ematen dute goranzko joeraren benetako neurria: 1991n baino 75.000 euskaldun eta euskaldun hartzaile gehiago bizi dira egun Nafarroan, eta duela bost urte baino 10.500 gehiago.
Etorkizunari begira, gainera, are baikorragoa da Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanean ondutako inkesta. Funtsean, gazteak dira euskarari eusten diotenak eta goranzko joera orokorraren erantzule nagusiak. Horra bigarren albiste ona: gizartea gero eta gazteago, orduan eta euskaldunago. 16 eta 24 urtekoen artean, zehazki, hamarretik lau dira euskaldunak edo euskaldun hartzaileak. Eta aintzat hartzeko beste gako bat: 16 urtetik beherako biztanleak inkestatik kanpo daude, eta uste izatekoa da euskaldunen kopurua are handiagoa izanen dela multzo horretan.
Erabilerari dagokionez ere, inoizko zenbakirik onenak eman ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak: herritarren %12,3k erabiltzen dute euskara. Horien erdiak baino gehiagok, gainera, erdara bezainbeste edo are gehiago erabiltzen dute. Nafarroako eskuinak bere diskurtso suharrenetan darabiltzan datu zabar eta zehaztugabeak baino dezente gorago, alegia.
Aurtengo inkestan, baina, oro ez da urre. Bada gogoetarako edo kezkarako motiborik ere. Horietako bat gaitasunari dagokio: gero eta hiztun gehiago izateak berekin ekarri du euskaraz mintzatzeko erraztasunaren apaltze orokor bat. 1991n, euskaraz gaztelaniaz bezain ongi edo are hobeki mintzatzen ziren hiru euskaldunetik bi. 30 urte geroago, erdiak baino gehiagok erraztasun handiagoa dute gaztelaniaz. Apaltze hori are agerikoagoa da gazteen artean: ia %70ek hobe egiten dute erdaraz euskaraz baino. Erdal elebidunak dira.
Kezka eragin du beste puntu batek ere: euskararen aurkako jarrera gero eta hedatuagoari erreferentzia egiten dionak, alegia. Duela hamar urteko datuekin alderatuta, apur bat hazi da euskara sustatzearen kontra diren herritarren kopurua, neurri berean igo dira gaiaz iritzi irmorik ez dutenak, eta behera egin du euskararen aldeko jarrerak. Gazteak dira, beste behin ere, joera orokorraren motore, hamar urtean nabarmen egin baitu behera euskara sustatzearen alde dauden gazteen ehunekoak. Azken bi inkestetan detektatutako fenomenoa da. UPN agintean ez dagoenetik argitaratu direnetan, alegia. Aintzat hartzekoa da urte hauetan inoiz baino biziagoak izan direla euskarari lotutako polemikak, eta gizartean errotu dela euskara abantailekin eta inposizioekin lotzen duen iritzi lerro bat. Albiste pozgarriez harago, errealitate horren gainean ere gogoeta egin beharko dute hizkuntza politiken kudeatzaileek.
Euskara. Nafarroako VII. Inkesta Soziolinguistikoa. ANALISIA
Hiru albiste on eta kezka baten itzala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu