ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Hilekoa

2016ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
F eministek gogorarazten dutenez, pribatua politikoa da, eta emakumeona, denona. Horren aurrean, ezikusiarekin eta, are, mespretxuarekin erantzuten dute batzuek; CUPek sexu-heziketa eta hilekoa erdigunera eraman zituenean sortu zen eztabaida da horren adibideetako bat. Asko dira, ordea.

Zientzia-mundua ez da salbuespena horretan ere, eta hori ederki daki Ridhi Tariyal Harvardeko ingeniariak. Tariyal emakumea da, eta, duela bi urte, bururatu zitzaion tanpoiak bide ona izan zitezkeela odola lortzeko odol-azterketetarako.

Ideia horretatik abiatuta eta beste ikertzaile baten laguntzarekin, metodo bat sortu zuen hileko odola bildu eta laginak prestatzeko, eta patentatu ere egin zuten. Metodo horren bidez, emakumeak berak infekzio bat ote zeukan jakin zezakeen, adibidez, ginekologoarengana joan beharrik gabe.

Patentearekin industriara jo zutenean, baina, ez zuten harrera onik izan. Itxura denez, ez zitzaien interesatzen emakumeei bakarrik laguntzen zien metodo bat. Hala ere, lanean jarraitu zuten, eta minbizi-zelulak eta ugaltzeko arazoak detektatzeko moldatu zuten haien metodoa.

Horrekin, interes handiagoa lortu dute, eta orain lanean jarraitzen dute, hilekoaren odolarekin beste aplikazio batzuk sortzeko, emakumeei beren burua eta osasuna zaintzeko erraztasunak emateko asmoz. Tariyalen hitzetan, helburua da emakumeei beren osasunaren gaineko ardura izaten laguntzea, hilekoa lehen aldiz dutenetik menopausiara bitartean.

Bide batez, hilekoaren inguruko tabua hautsi, eta mina, gutxiegitasuna, zikinkeria eta lotsarekin ez erlazionatzea lortu dute. Bada zerbait.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.