Anariren erritmoan oheratu. Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori eleberriaz negar egin, trenean, jende aurrean. Azokara sartu eta etxean sentitu, eroso. Zuberoako Maskaradan ikasteko zenbat duzun deskubritu. Mikel Laboaren Haize hegoa ahapetik kantatu etxea atondu bitartean. Alaba beso artean duzun lehen aldian, Baratze bat abestu, zoriontasun malko artean. Ulertzea nahi ez duzun horren aurrean lagunarekin euskaraz eginez babestu.Berri Txarrak-en azken kontzertua dardara batean amaitu. Basatiki maite duzun horri euskaraz adierazi. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken ikuskizunean emozioz aulkitik altxatu 36 urterekin. Ander Lipusen antzezlana ikustean hori gozatu ahal izatearen pribilegioaren kontzientzia hartu. Amama Xalbadorren heriotzarekin agurtu. Espainiako lagunari hizkuntzak sentitzea posible dela azaltzen gaua eman, eta berak, inbidiaz, zu ulertu. Gure Herrira babes bila etorri behar izan zuen horri euskarak babestuago sentiarazi ziola entzun. Joxe Ripiaurekin herriko jaietan aske dantzatu. Bilboko denda horretan sartu, euskaraz eskatu eta dendariak euskaraz erantzutean asebete. Kutxidazu bidea Ixabel filmaren atxiloketaren eszenan, negar egiteko gogoa ezkutatu. Erlauntza lagunartean ikusi eta, identifikaturik, barrez lehertu. Solasaldi filosofiko oso bat euskaraz hasi eta amaitu. Euskaraz ez dakiten gurasoei zu euskaradun heztearen eskertza sentitu. Euskal Herriko bertso finaleko azken isiluneekin, biloak tente izan. Gaur hemen idazteko ardura hartu.
Ikasle euskaldun eleaniztunak hezten ez baditugu, belaunaldi berriei sentitzeko gaitasuna lapurtuko diegu. Goiko paragrafoan adierazitako guztiak emozioetatik bizitakoak dira. Batzuk horiekin identifikatu egingo zarete; besteek, agian, beste istant batzuetan sentitu duzue euskara, sentitu duzue euskaraz. Hizkuntz eta kultur transmisio duin bat ez badago, aukera hori ukatuko diegu datozen belaunaldiei. Euskaratik sentitzeko aukera, hain zuzen ere.
Ezin dugu inor sentitzera behartu, absurdoa litzateke, aukera besterik ezin dugu mahai gainean jarri. Baina aukera izan dezagun, hizkuntza konpetentziak sendo izan behar ditugu eta kultur transmisioa egon behar du. Euskaraz eroso sentiarazi behar ditugu gure ikastetxeetako protagonistak; euskal musika, zinea, literatura eta folklorea eskura jarri behar diegu. Bakoitzak askatasunetik identifika dezan zer eta nondik sentitzen duen. Hori egin ezean, nekez izango dira aukeratzeko aske.
Aspaldi agortu ziren euskal hizkuntza sistemetan darabilzkigun transmisio ereduak. Frankismoaren osteko hogei urteetan balio izan zuen agian, jada ez. Faktore berri asko (globalizazioa, migrazio fluxu berriak, hirigune handiak...) eta errealitate sozial eta politiko ezberdina dugu aurrez aurre. Euskal erakundeak, Mauletik Muskizera, Tuteratik pasatuta, ez dira ari politika eraginkorrak egiten. Batzuk euskarafobia publikoki adieraziz; beste batzuk, gauza bat esanez eta bestea eginez. Horregatik, hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztion ardura da, ez dutelako beste batzuek egingo. Ausardiaz eta konplexu barik lan egin behar dugu. Euskaragatik egingo dugulako, baina baita askatasunagatik ere. Ez diezaiogun inori gehiago gure gurasoei ukatutako aukera lapurtu. Gora euskara eta gora bihotzak!
PENTSALDIAN
Hi(e)zkuntza emozionala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu