enekoitz esnaola
ANALISIA

Herritarren eta eragileen itunak

2017ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Gaur urtebete, bi herri galdeketa ez-ofizial baino ez zeuden eginda, biak 2014. urtean: Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan. 1.353 boto. Ongi atera ziren bi kontsultak, taxutu zuten protokolo bat, bidea zabalik zegoen, eta Gure Esku Dago-k erraza zeukan bere estrategian aurrera egiteko: hasi sustatzen herri galdeketa pila bat. Orain, herenegungo 51 udalerrietakoak erantsita, 142 daude eginda. Ekainaren 18an, beste 24 galdeketa zakura. Denera, 166tan jada; Euskal Herriko udalerrien %24 dira.

166 ariketa horietatik Ipar Euskal Herrian ez dute batere egin. 2010ean egin zituzten Lurralde Elkargoaren alde, Baterak deituta: 123 udalerritan —Iparraldeko %77tan—. Bistan da, orain Euskal Elkargoa lortuta, Euskal Herria politikoki aintzat hartzen dutenek estrategia eta dinamika propioa daukatela Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: ez dira oraingo herri galdeketen gurdira igo. Hortaz, Hegoaldeko udalerriak kontuan hartuz, %31 dira 166 horiek. Bada zerbait.

Oraindik badago zer jorratua kontsulten eremuan. Herrialdeei erreparatuz gero, Gipuzkoa bete samartuta dago jadanik, baina Araban kasik ez da galdeketarik izan, Nafarroan ekainaren 18ko hitzorduaren ostean ere askotan egin daitezke, eta Bizkaian, nahikoa errealista izanik, geratzen dira batzuk egiteko. Eta denetan, hiriburuak, zaila dagoen arren. Beraz, udatik aurrera dozenaka galdeketa egongo direla aurreikus daiteke, jauzi kualitatiboak barne. Baina, balio handikoak izanagatik ere, ez dira aski burujabetza prozesu bat abiatzeko.

Horregatik, herri galdeketena ez da Gure Esku Dago-ren proiektu edo helduleku bakarra.Iazko abenduan aurkeztu zuen 2019 arteko bide orria, eta han bada garrantzia har dezakeen egitasmo bat: herritarren eta eragileen itunak. Lehenik, Itun Herritarra du xede. Galdeketekin sortutako adosguneak forma eta eduki pluraleko adierazpentzat ditu, eta egituratu egin nahi du hori guztia. Datorren ekainaren 10ean aurkeztuko du herritarren hitzarmena, Bilbon, eta ordutik aurrera, hori «oinarri», Euskal Herriko eragileen ituna lortzeko lanketari ekingo dio, «Euskal Herri mailako ituna osatu dadin». Bide batez, instituzioetan erabakitzeko eskubidearen aldeko ekinbideak sustatuko ditu. Itun Herritarraren ostean, beraz, Gure Esku Dago-k dei egingo die euskal alderdi politiko, sindikatu, erakunde, fundazio, enpresa, kooperatiba, unibertsitate eta bestelako eragileei elkarlanerako. Euskal Herri honetan dena da politika, baina dena ez dute indar politiko klasikoen esku utzi nahi halako dinamika sozialek. Herri honetan denak ez dira, ordea, iritzi berekoak; Ardanza Jaurlaritzako lehendakari ohiaren BERRIAko hitzak froga, kasurako: «Mugimendu sozial berri batek gizartean oraindik ez du prestigiorik herri bat handik edo hemendik eramateko, edo esateko zer komeni den. Gai politikoetan, gure herriak nori jarraituko dio? Alderdiei. Gure jendea ideologikoki alderdiekin dago identifikatuta. Mugimendu sozialek ez dute indarrik hartuko goian ez badago akordiorik». Oraindik bada tradizio edo joera hori gurean, eta, apika, galdeketetako parte hartze datuek badute horrekin ere zerikusirik. Gainera, indar politiko abertzaleen arteko klima ez da onena, maiatzaren 7ko galdeketa sorta baino bi egun lehenago ere ikusi zenez Eusko Legebiltzarrean. Goian ez dago giro.

Eremu hori errespetatuz baina oreka bat erdieste aldera, beste salto bat ematera doa Gure Esku Dago Itun Herritarrarekin eta, balego, eragileenarekin. Katalunian hiru mila eragile pasa daude Erabakitzeko Eskubidearen Nazio Hitzarmenean, eta orain erreferendumaren aldeko ituna gorpuzten dabiltza —berriki, Barça atxikitu da—. Dena dela, orain bederen, ez da garbi ikusten Gure Esku Dago-k baduen tamaina horretako proiektu bat bultzatzeko egiturarik. Halaber, ikusgai da burujabetza prozesu bat nahi duten eragileek —autonomia propioari eutsiz baina etxeko leihoak irekiz—, ekarpenik egingo duten, edo nolakoa. Gaur-gaurkoz badago inpresioa maila sozialean ardura eta zama nolabait Gure Esku Dago-rengan utzia dagoela asko. Hark badio bide orrian: «Elkarrekin arituta bakarrik lor ditzakegu helburu handiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.