Silvia Gambarte.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN

Hemen ez dago inor sobran

2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Bada zerbait beti irribarre eginarazten didana: langileek bat egitea beren eskubideak defendatzeko. Eta bada zerbait hunkitu egiten nauena: norbere lanpostua edo besterena defendatzeko kalera ateratzen direnen elkartasuna.

Aste honetan, Laudio elkartasunez jantzi da, traje diskretu baina islatzaile batez. Laudio kalera atera da, tinko, segurtasun botak jantzita. Izan ere, albiste samingarri bat izan da berriki: Tubacexek 129 lanpostu kenduko ditu, eta langile horietatik 95 kaleratu egingo ditu; hala, Aiaraldea desindustrializazio bidegabeko eta motiborik gabeko baten biktima da.

Lurrikara batek astindu du Euskal Herria. Ehunka langile modu masiboan kaleratzeak eragin du mugimendua: etekin ekonomikoak maximizatzea izan da enpresen helburua, enplegua suntsituta eta lana are gehiago prekarizatuta. Enpresa horietako batzuek diru publikoa jasotzen dute edo jaso izan dute Eusko Jaurlaritzatik. Astindua joan den urtearen bukaeran hasi zen, Matricerias Deuston abian jarritako erregulazio espediente baten harira, zeinak 177 langileri eragiten baitzien. Odolustea ez zen hor amaitu: GTSk 38 langile kaleratu zituen, eta 15 beste lanpostu batean jarri. Araban ere sumatu ziren dardarak. Abenduaren 1ean, Alestisek ere erregulazio espediente bat abiatu zuen, eta Miñaoko fabrikako 77 langileri eragin zien; horietatik 56 kaleratu egin zituzten. Aernnovak, berriz, otsailaren 1ean 55 langile bota zituen Berantevillan. Egun horretan bertan, ITP Aerok, beste neurririk aztertu gabe, 83 lagun kaleratu zituen Barakaldoko eta Sestaoko fabriketan. Gero eta enpresa gehiagok erabakitzen dute enplegua murriztea, eta ez dira jabetzen hemen ez dagoela inor sobran.

Indarrean den eta moldatu beharra dagoen lan legediak babesik gabe utzita, 500 lagunek baino gehiagok lana galdu dute hiru hilabetean baino gutxiagoan. Bostehun familia baino gehiago adi-adi daude beren etorkizun lausoari begira.

Beste lanposturik galtzea erabat onartezina den honetan, behar-beharrezkoa da 2012ko lan erreforma indargabetzea. Erreforma horrek, besteak beste, zera bildu zuen: aurrerantzean ez zela beharrezkoa izango aurrez lan agintaritzaren baimena izatea erregulazio espediente bat abiatzeko. Aurrez baimen hori lortu beharrak agian salbatuko zituen ITP Aeroko langileak, lan agintaritzak aldi baterako erregulazio bat proposatua baitzuen kaleratzeak gauzatu aurretik. Ez dakit aurretiko baimen horren bitartez salbatuko ote ziren enplegu horiek denak, baina argi daukat ez zirela horren erraz galduko.

Martxoan, ehunka langilek frogatu digute borroka dela bide bakarra, baina bide hori eramangarriagoa dela beste enpresetako langileen elkartasunarekin eta babesarekin. Enplegua babestea horren beharrezkoa den honetan, irribarre eginarazten dit langileak auzitegietan garaile ateratzeak. Baliorik gabe geratuko ahal dira gure lurrak agortzen dituzten aldi baterako erregulazio horiek guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.