mertxe mugika
Eusko Jaurlaritzaren murrizketak (II)

Helduen euskalduntze-alfabetatzea: orain da unea

2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Azken garaiotan ez dago beste hizpiderik: krisia! Zoritxarreko krisia heldu zaigu eta inoizko urterik txarrenak omen datozkigu. Horrela izango dela ez dut ukatuko nik, baina inork ezin digu leporatu euskaltegietan ari garenoi krisi honen erantzuleak izatea.

Helduen euskalduntze eta alfabetatze mugimenduak urte askotako esperientzia eta historia dauka. Urte hauetan guztietan garapen izugarria bizi izan du. Gaur egun, esaterako, 1.600 profesional inguru, 1.600 lanpostu, ditugu, eta 2012ko urriaren 31n 25.183 heldu zeuden EAEko euskaltegiren batean ikasten. Zenbaki hauek, bere horretan, ezer gutxi adierazten dute, baina esango bagenu Araban hezkuntza arautuan beste ikasle dagoela euskaltegien sare osoan? Bada, 2011ko udan egindako ikerketa batean horrela ondorioztatu zen.

Oso zaila da ulertzea herri honen etorkizuna euskararik gabe. Horregatik da euskaltegion xede nagusia euskararen irakaskuntza, erabilera eta sustapena bultzatzea. Gobernu honek onartua du bi hizkuntzen arteko berdintasuna lortu behar dela, hizkuntza biak orekatu behar direla; horretarako bide asko daude, baina, guri dagokigunez, bi dira azpimarratu beharrekoak: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa, batetik, eta espazioak euskalduntzea, bestetik.

Ezagutzaren unibertsalizaziora heltzeko, bestalde, bi bide daude nagusiki: eskola eta transmisioa. Eskolak ezinbestekoak dira, euskararen normalizazioan ez ezik, baita herri baten etorkizunean ere. Jakina da ezagutza barik nekez egiten duela herri batek aurrera, horixe baita garapenerako giltzarria.

Hala ere, eskolak berak bakarrik nekez lortuko du berezkoa dugun euskara erdararen pare jartzea. Horregatik da beharrezkoa euskaltegion ekarpena, gu baikara helduen euskalduntzeaz arduratzen garenok. Eta, hizkuntza bera ikasteaz gain, ezinbestez lotuta dauden trebetasunak ere euskaltegietan eskuratzen dituzte ikasleek. Hala, asko dira lagun bati gutuna nola idazten zaion edota curriculuma nola paratzen den euskaltegietan ikasi duten helduak; edo erreklamazio gutunak, iritzi artikuluak eta argudio testuak egiten euskaltegian ikasi dutenak. Baita jendaurrean hitz egiteko nerbioak eskola-kideen aurrean tenplatzen ikasi dutenak ere; edota debate antolatuetan, enpresetako hautaketetan, egun hain gustukoak diren horietan, haien iritzia defendatzen eta azaltzen ikasi dutenak.

Horregatik guztiagatik, hain direnez antzekoak hezkuntzan eta hizkuntza politikan egin behar diren apustuak, biek izan behar dute lehentasun bera. Iñigo Urkulluri irakurritakoa da hezkuntzan inbertitzea etorkizunean inbertitzea dela... Nire uste apalean, hizkuntz politikan gauza bera esan dezakegu.

Hemendik gutxira ezagutuko dugu EAEko aurrekontuen proposamena. Orain da garaia segidan proposatzen diren urratsak emateko eta euskara ikasi eta erabili nahi duten herritarrak babestuko dituen hizkuntza politikak egiteko. Beraz, aurrekontu proposamen horretan, hurrengo helburuak betetzeari begira jarri behar direlakoan nago:

Euskaltegietako finantzaketa sistema egonkor batera heldu ahal izateko baliabideak bermatzea.

Euskara ikastea ahalik eta merkeena izan dadin (doakoa izan beharko luke), baliabideak jartzea herritar ororentzat.

Helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen sustapen orokorra egitea gizarte arlo guztiei begira.

Euskara ikastearen, hobetzearen eta erabiltzearen prestigioa azpimarratzeko baliabideak martxan jartzea.

Hori guztia epe motz-ertainean ezinbestekoa badugu ere, epe laburrean (hemendik iraila bitartean) beharrezkoa da ikasleak euskaltegietara erakartzeko plana garatzea, administrazioak sektorearekin elkarlanean burututa. Horretarako, noski, premiazkoa da ikasleei ematen zitzaizkien diru laguntzak berreskuratzea eta laguntzarik ez dagoen administrazioetan ematen hastea.

Martxoaren 12an jakingo dugu hemen agertutako nahiak noraino betetzeko diren. Ziur nago gobernuak bitartekoak jarriko dituela eta herri honen gogoa betetzeko urratsak ematen hasiko garela. Hala bedi!

Bihar: Koldo Tellitu, Ikastolen Elkarteko lehendakaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.