Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. KANPAINA TWITTERREN (II)

Hego Euskal Herriko alderdien portaera

Jordi Morales & Eduardo Apodaka
2015eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Zein portaera izan dute Twitterren hegoaldeko alderdi politikoek Espainiako hauteskundeetan? Ba al da alderik haien jokaeran? Ba al dute ildo estrategikorik? Galdera horiei erantzun nahian alderdien kontuen aipamenak (bai haiek egindakoak, bai eta haiei buruz egindakoak ere) atzitu ditugu azaroaren 23tik abenduaren 12ra arte. Honako hauek izan dira kontu horiek: @cs_euskadi, @cs_navarra, @eajpnv, @ehbildu, @ehbildunafarroa, @ezkerran, @geroabai, @iuezker, @podemoseuskadi, @podemosnavarra, @ppvasco, @psnpsoe, @socialistavasco, @upn_navarra. Guztira 123.326 aipamen izan dituzte, eta aipamen horien bidez ehundu den sarean 11.682 kontuk hartu dute parte.

Kluster analisia eginda, alegia, sareko kontuak euren ezaugarrien arabera taldekaturik, bederatzi komunitate agertu zaizkigu. Bistan da, komunitate horiek gehienak alderdienak dira. Baina bada zeresanik kontu horien portaeraz eta sarearen egituraz; izan ere, badira bereizgarri zenbait.

Komunitate handienak EH Bilduren eta Ahal Dugu-ren inguruan ehundu dira. Hala ere, euren kideak edo erabiltzaileak ez dira aktiboenak, zehatzago esan, ez dira kanpainan aktiboen aritu direnak. Badirudi jardun arruntean txertatu dituztela kanpainari buruzko aipamenak eta ohikoa eta berezkoa dutela, eta ez kanpainakoa, ziberaktibismo engaiatu hura. EH Bilduren komunitatean, esaterako, ez dugu kontu aktiboegirik topatzen; alderantziz, parte hartzea nahikoa banaturik dago, baina asko direnez jardun txikien bidez ere talderik handiena eratzen dute: lotune guztietatik %27,43 ditu (bigarrenak, Ahal Dugu-k, %17,40, hau da hamar puntu gutxiago ditu). Kontrara, PSEren klusterra hirugarrena izaki (%13,94), konturik aktiboenak ditu; ideia bat egiteko: sarearen sei kontu aktiboenetan bost alderdi horretakoak dira. Kasu honetan kanpainarako ahalegin berezi batekin egiten dugu topo.

Apalagoak dira gainerako komunitateak. Laugarrenak, EAJrenak, kontu guztietatik %8,36 du, eta besteek 8tik behera. Hala ere, bizitasun berezia dute @eajpnv eta @geroabai kontuen sareek. Esan liteke liskartsuenak direla, edo zuzen-zuzenean bilatzen dutela gatazka eta lehia. EAJren komunitatearen kasuan, esaterako, bertakoek gehien aipatzen (eta horrela interpelatzen) duten kontua @ppopular da. Era berean, badirudi Geroa Bairen komunitateak interpelazioen bidez lortu duela @upn_navarra eta @ppnavarra bere klusterrera erakartzea. Hala gauzak, berariaz izan ala ez, hauteskundeetan aurkari edo antagonistatzat dituzten PP eta UPN behin eta berriro aipatzen dituztenez, kasu bietan komunikazio estrategia exogamikoa gailentzen da, alegia, kideak antolatzera eta kohesionatzera baino gehiago, aurkariari oldartzera edo desafio egitera zuzentzen den estrategia.

Bestelako asmoa ikusten da @ehbilduren komunitatean. Han gogaideen arteko sarea ehuntzera jotzen dute, lagunak josten dituzte aipamenen bidez. Hor ikusten ditugu, sareari atxikirik, @esquerra_erc, @obloque, @noscgalega edota @cupnacional. Antzeko zerbait ikusten dugu EAEko Ahal Dugu-ren komunitatean, bere klusterrean nabarmentzen dira @ahorapodemos, @equo, @equoeuskadi, @equobizkaia, @rosam_equo, edo @pablo_iglesias. Horrez gain, inguruko herrialde batzuetako kontuak erakarri dituzte sarera, adibidez, @podem_cat, @podemosasturies eta @podemos_galicia. Baina, analisiak dioskunez, Nafarroako Ahal Dugu-ren sarea kluster bereizia da, berezko eta bere gaineko bizitza du, beste komunitate bat da. Horrenbestez, irudian elkarren ondoan egonagatik eta kolore berdina eman diegun arren, bi kluster dira, ez bat. Sare honetan hau da kasu bakarra non alderdi baten barruan bereizita agertu zaizkigun bi komunitate. Esan bezala, horren zioa Nafarroako Ahal Dugu-ren kontuen aktibitate bizi eta bereizia izan daiteke. Horren haritik, nabarmentzekoa da Nafarroa eta EAE bereizteko joera erabat argia dutela Estatuko alderdiek. Elkarri josita agertzen diren kasuetan erabiltzaileek beraiek josi dituzte elkarri egindako interpelazioen bidez. Alderdien kontuek ez dute halako asmorik erakusten. Hala gertatzen da PSE eta PSN artean, haiek elkarri aipamenik egin gabe ari dira, baina komunitateek eginiko interpelazioen bidez elkarloturik daude. Salbuespen bakarra, Ciudadanosena da: EAEk eta Nafarroako kontuek elkar aipatzen dute eta.

Azkenik, ohar berezi bat egin behar dugu Estatuko alderdiei buruz, kasu guztietan bigarren maila batean uzten dute presidentetzarako hautagaia. Batek daki zergatik, baina esan esate aldera, badirudi probintzietako hautagaiak sustatu nahi izan dituztela, aurreko artikuluan esan genuen bezala, lider handiak bultzatzeko badute tresna asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.