Alberto Barandiaran.
Jaurlaritzaren diru laguntzak. Euskal hedabideak. IRITZIA

Hedabideentzako laguntzei buruz

2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Euskal hedabideek azken hiru aurrekontuetan jasotako diru bera jasoko dute aurten Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik, 4.875.000 euro. Bigarren urtez jarraian, beraz, komunikabideentzako diru laguntzak, hedabideentzako diru sail publiko garrantzitsuenak, ez du igoerarik izango.

Hekimen euskal hedabideen elkarteak adierazi nahi du eragile sozial ugari azpimarratzen ari direla aspaldi honetan euskal hedabideen sektoreak daukan estrategikotasuna euskararen biziberritzerako, eta diru laguntzen sistema egonkortzeko urratsak egin behar direla. Euskal administrazioek azken urteotan egin dituzten gogoetetan eta kaleratu dituzten txostenetan adostasun hori bera ageri da.

Hain zuzen ere laguntzen sistema egonkortzeko, lehenik eta behin, hedabideentzako diru laguntzen kopurua berraztertu beharra dagoela uste du Hekimenek. Hedabideen sektorean gertatzen ari den etengabeko iraultzak birmoldaketarako eta etengabeko berrikuntzarako apustua eskatzen du, baina sektorearen egoera larria da. Hedabide asko marra gorriaren azpitik dago gaur egun.

HPSk iragarri du, bestalde, diru laguntzen deialdia erabakitzeko irizpideetan «aldaketa garrantzitsuak» sartuko dituela aurten. Helburua, «eraginkortasun printzipioa» ezartzea izango da, eta horretarako irismenak sarituko dituzte. Hekimen prest dago irizpideei buruzko eztabaida zabaltzeko, behin baino gehiagotan agertu du borondate hori, baina argi dauka irizpideak sektorearekin adostuta ezartzea ezinbestekoa dela. Helburua izan behar du eraginkortasuna saritzea, baina hedabide bakoitza bere testuinguruan kokatuta eta sektorearen izaera estrategikoa ezbaian jarri gabe. Eta irismena ez ezik, kalitatea, eraginkortasun soziala eta beste eraginkortasun neurri batzuk ere baloratuta.

HPSk adierazi du 2015etik aurrera urte anitzeko diru laguntzen deialdietako irizpideak sektorearekin eztabaidatzeko konpromisoa, eta sektoreak ontzat eman du. Hekimenen ustez, eztabaida hori funtsezkoa izango da egoera larriari buelta eman eta sektoreak eskatzen duen apustuan aurrera egiteko.

Hekimenek nabarmendu nahi du, azkenik, sektoreak eta orokorrean euskalgintzak azken urteotan aurrekontu publikoetan galdu duten pisu espezifikoa berreskuratzen hasi beharra dagoela. Eusko Jaurlaritzak berak berriki kaleratutako Euskararen aurrekontu eta baliabide publikoen estatistika (Siadeco) izeneko txostenaren ondorio azpimarragarrienetako bat horixe da: diru laguntza gehienak banatzen dituen Jaurlaritzaren aurrekontuek beheranzko joera izan dutela azken urteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.