Noiz hasi zen hau dena? Bi bertsio kontrajarri daude. Fiskaltzak eta AVTk diote ETAren aginduz sortu zela HB. Defentsak ezetz. Lau alderdi batuta sortutako koalizio bat zela. Eta hortxe dago Herriko tabernen auziko gakoetako bat. Horregatik, epaimahaiak gertatutakoa jakin dezan, HBren sorreran egon ziren hiru lagun eraman zituen deklaratzera defentsak atzoko saioan, lekuko gisa: Francisco Letamendia Ortzi historialaria, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusia eta Miguel Castells abokatua. Hirurek argi eta garbi esan zuten: ETAk ez zuen parterik izan HBn, ez sorreran eta ez beraiek hango kide izan ziren bitartean. Erakunde armatuak ez zuen agintzen han zer egin, ezta iradoki ere. Honela esan zuen Castellsek: «ETA ez zegoen Mahai Nazionalean, inola ere». Patxi Zabaleta urrutirago joan zen: «Ez genion onartuko».
Segurtasun erabatekoz hitz egin zuten hirurek, Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan. Ondo zekiten zertaz ari ziren, eta ezagun zuten.
Azaldu zutenez, toki desberdinetatik iritsi ziren hirurak HBra: Letamendia EIAn ibilia zen, eta Zabaleta HASIn, baina biak independente gisa sartu ziren HBn. Castells, berriz, senatari izateko proposatu ziotenean. Izan ere, Letamendiak argi azaldu zuenez, lau alderdik —HASI, LAIA, ESB eta ANV— eta 12 pertsona independentek osatu zuten HB. Independenteak lau alderdien oniritziarekin sartu ziren, Letamendiaren arabera, inolaz ere ez ETAk esanda. Nabarmendu zuen jatorri askotako jendea zegoela hasieran; marxista leninistak, komunistak, EAJtik alde egindakoak… «Denetik zegoen, botikan bezala». Baina bazen elkartzen zituen gauza bat: «HBren programa zen han geundenak batzen gintuena».
HBren jatorria ETAn ez, baizik eta Altsasuko Mahaian zegoela azpimarratu zuen Zabaletak. Mahai horren oinarrian bost alderdik sinatu zuten testu bat zegoela argitu zuen —HASI, EIA, ESB, LAIA eta ANV—, eta bere bulegoan idatzi zutela. Garai hartako eztabaida politikoaren muinean zegoen gai bati buruz hitz egiten zuen Altsasuko Mahaiak: Hego Euskal Herrirako autonomia estatutu bakar bat bai, baina bi ez zirela onargarriak salatzen zuen. «ETAk ez zuen inolako zerikusirik izan Altsasuko Mahaiarekin».
Agiri horren berri Altsasun eman zuten, eta, Zabaletak epaimahaiari azaldu zionez, espero baino babes handiagoa izan zuen gizartean; «berez bost alderdi horiek zutena baino handiagoa». Hortik etorri zen Herri Batasuna koalizioa sortzeko asmoa. EIAk barne tentsioengatik Altsasuko Mahaia utzi ostean, gainerako lau alderdiek sortu zuten HB Altsasuko Mahaia eratu eta urte erdi ingurura, 1978an. «Pertsona eta alderdien iniziatibaz sortu zen HB», esan zuen Zabaletak. «ETAren agindurik ez zen egon. Eta ez genuen onartuko».
1981ean utzi zuen HB Letamendiak, politikarako bokaziorik eta gaitasun handirik ez zuela uste zuelako. Bizi akademikorako bazituela bi doai horiek uste zuenez, Parisera joan zen, unibertsitatera irakasle. Bera Mahai Nazionalean izan zen garaian ETAk ez zuela agintzen nabarmendu zuen atzo auzi gelan, «ez agindu, ez aholkurik eman eta ez ezer». Eta beraiek ere ez ziotela inori informerik pasatzen, ez ETAri, eta ez KASi. ETArekin ez zuten inolako loturarik, eta adibide praktiko bat ere eman zuen Letamendiak. Parisera joatea erabaki zuenean HB ez zegoen bere erabakiarekin konforme, eta hala jakinarazi zioten. ETAk, baina ez zion halakorik esan. «Beraiek agintzen bazuten zerbait esango zidaten».
Hala esan zuen Zabaletak ere, «HB HBn amaitzen zen». Besterik izan zitekeen HBn KASeko kiderik baldin bazegoen haiek zer egin zezaketen. Zabaletak fiskalaren galderei erantzunez azaldu zuen HBko Mahai Nazionaleko kideak asanbladetan aukeratzen zirela. Gauza bera esan zuen Letamendiak, eta baita Castellsek ere. Asanbladetan aukeratutakoak KASeko kide izatea ere gerta zitekeela esan zuen Zabaletak, baina KASeko ordezkari izateagatik eta izateko ez zela inor aukeratzen. HBko erabakien berri ere Mahai Nazionala osatzen zuen batzar haiei besterik ez zitzaien ematen. Behin eta berriz galdetu zion fiskalak Zabaletari KASeko kideei buruz: «Nik ez dakit KASeko kideek eta KASek zer egiten zuten. Ni ez nintzen KASekoa».
1980-81 inguruan utzi zuen Zabaletak ere HBko Mahai Nazionala. Orduan eztabaida gogorra izan zuten HBn. Eusko Legebiltzarretako hauteskundeetara aurkeztu bai, baina gero erakundeetara ez joatea erabaki zuten. Zabaleta jarrera haren erabat kontra zegoen. «Sutsua» izan zen eztabaida Mahai Nazionaleko kideen artean. Baina haien artean izan zen, ez beste inoren artean. Ez ETArekin. Erabakia horixe izan zen, ordea, eta Zabaletak utzi egin zion Mahai Nazionaleko kide izateari. ESB eta LAIA alderdiek ere utzi egin zuten HB orduan.
Inguru horretan utzi zuen Castellsek ere, abokatu lanetara itzultzeko. Eta argi esan zuen bideokonferentziaz egindako deklarazioan: «Ni han nengoela, ETA ez zen existitzen HBren barruan. Ez eskaera, ez erregu, ez ezer».
Baina, nola hartzen ziren erabakiak han? Fiskalak dio ETAk HASIren bidez agintzen zuela HBn. Beraz, HASIko kideek Mahai Nazionalean zuten pisuaz galdetu zuen. Zabaletak, Ortzik eta Castellsek gauza bera erantzun zioten. Mahai Nazionaleko kide bakoitzak boto bat zuen. Bakoitzak bat. Eta adostasunik ez zegoenean botazioa egiten zuten erabakiak hartzeko. Hala esan zuen Zabaletak: «HASIko kideak mahaiko parte ziren, eta beren botoa zuten. Beste guztiek bezala. Horrela hartzen ziren erabakiak. HASI ez zen ETAren ordezkaria». 1988an berriz itzuli zen Mahai Nazionalera Zabaleta, eta 1992an aukeratu zuten mahaiko kide ere izan zen. Bietan asanbladek aukeratu zutela nabarmendu zuen. ETAren agindurik ez zen izan urte horietan ere. «Ez zuzenekoa ez zeharkakoa». Mahai Nazionalean hartzen zituzten erabakiak. Gogora ekarri zuen 1991tik aurrera alderdirik ez zela egon HBn, indarra galdu zutelako. HB 1986an legeztatu zen alderdi gisa. Ordutik mahaiko ordezkari guztiak asanbladetan aukeratzen zituzten, alderdien ordezkaririk ezean.
'Herriko tabernen auzia'. Epaiketa Madrilen
HB lau alderdik sortu zutela argi utzi dute, eta ETAren esku hartzea ukatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu