Joan den igandekoarekin, EH Bilduk bukatu du bere hauteskunde ziklo partikularra edo bere lehen fasea —luze egin da—, 17 aulki eta %21,2ko babesarekin bigarren geratuz arnasa pixka bat hartuta. Berriro Espainiako hauteskunderik ezean, 2019ko maiatzera artean ez da Hego Euskal Herrian bozik izango. Garai garrantzitsuaEH Bilduren proiektuarentzat.
2011ko maiatzean hasi zuen bidea (EH) Bilduk, danbateko batekin: 316.000 boto lau herrialdeetako foru bozetan. Urte berean, Kongresurako bozetan, Amaiurrek Hegoaldean 333.000 boto —diputatuetan, lehen indarra—. 2012an, EAEko bozetan 277.000 boto, %25. 2014an, Europakoetan %22 Hegoaldean, lehen indarra bototan. Iaz, forukoetan, Hegoaldean 290.000 boto. Espainiakoetan iaz 218.000, eta aurten, 184.000. Parte hartzeak parte hartze, beheraka joan izan da. Lehengo igandera arte: 224.000 boto Eusko Legebiltzarrerako bozetan; bigarren indarra, aise.
2011ko uholdearen ondotik, iazko foru bozak baziren termometro bat EH Bildurentzat. Duela bost urte, batez ere EAEko gobernuetara heldu eta legealdian oposizio politiko eta mediatiko gogorra izan ondoren, Hegoaldean Bilduren 2011ko foru emaitzekiko zerbait jaitsi egin zen: 25.000 boto —EAEren kasuan Aralarren 2011ko botoak batuz gero, jaitsiera beste 37.000 botokoa zen, baina zaila da neurtzen 2011n Aralarreko zenbat ziratekeen Bilduko—. Halaber, nagusiki Gipuzkoan galdu egin zituen boteregune handi batzuk. Baina Nafarroako aldaketa historikoaren protagonista zuzen bihurtu zen, eta herrialde horretan, gainera, udal esparruan bestela baino indar handiagoa lortu zuen, Iruñean eta beste udalerri handi batzuetan alkatetza lortuta. Ondorioz, 2011kotik iaz: kuantitatiboki zerbait behera, kualitatiboki —Nafarroa— gora.
EAEko oraingo hauteskundeak ere baziren harentzat neurgailu; agian konparazioa, ateratzen dena benetakoagoa egiteko, iazko foru bozekin eginda, ez 2012ko EAEkoekin, duela lau urteko egoera bereziagoa baitzen, ETAren erabakiagatik eta Bilduren kudeaketa hasi berria zelako —eta gai garrantzitsuetan tarteka aliatuekin zegoen; adibidez, PSErekin Gipuzkoan zerga akordioa egin zuen—. Iazko foruetako emaitzekiko konparazio hori erreal samarra izateko beste datu bat: historikoki ezker abertzalea nahikoa parean ibili da foru bozetan eta autonomikoetan —alderaketa, bi hauteskundeak urtebeteren barruan tokatu direnean egina da—; batzuetan zeozer gora egin zuen, besteetan behera, eta alderantziz. Hala, orain EH Bilduk behera egin du 2015eko foru hauteskundeetatik: iaz EAEn %22,7, 242.000 boto; igandean, %21,2, 224.000 boto. Beraz, 2012ko autonomikoetatik 53.000 boto eta 3,8 puntu gutxiago, baina, jokaleku berdintsuago batean, iazko forukoetatik 18.000 boto eta 1,5 puntu gutxiago —ordutik parte hartzea 1,7 puntu jaitsi da—. 2014tik Ahal Dugu hor da, baina hura ere iaztik jaitsi egin da: EAEn 2015eko forukoetan Ahal Dugu+Irabazik %16,6 eta 177.000 boto, orain Elkarrekin Podemosek %14,8 eta 156.000. Hala ere, EH Bildu, behera.
EAJren alternatiba izateko aukera urrundu egin zaio. 2011ko emaitzak ikusita, EH Bilduk 2012ko autonomikoetan bazuen anbizioa EAJren pare samarrean jartzeko. Sei legebiltzarkidera, 9,6 puntura eta 106.000 botora geratu zen. Orain, iazko forukoetatik aldea asko handitu da: iaz EAJk EAEn 117.000 botoko eta 11 punturen aldea atera zion, eta orain, autonomikoetan, 173.000 botokoa eta 16,4 puntukoa —eta hamabi aulkikoa—. 2011ko foru bozetan EAEn jeltzaleen aldea: 60.000 botokoa eta 5,7 puntukoa.
Ipar Euskal Herrian —EH Baik— eta Nafarroan koalizioak indar elektoral txikiagoa dauka EAEn baino, baina egokiera hobea du instituzioetan zuzenean ala zeharka eragiteko. Horretarako urteetako lana egin du, eta, gainera, blokeak ez dira EAEn bezain klasikoak edo zurrunak. EAJk eta PSEk 2013ko irailetik duten erakundeen «egonkortasunerako» ituna dela eta, EH Bilduk oso zaila dauka gobernabidean, kudeaketan edo aurrekontuetan eragin ahal izateko. Puska baterako dago EAJren eta PSEren akordio hori; gutxienez, 2019ko bozak arte.
EH Bilduk «herri akordioen» eskaintzan lehentasunen artean du alor soziala —«erreskate soziala»—, baina EBBk esan du gaitza ikusten duela hor bien arteko adostasuna. EAJk EAEko instituzioetan itunetarako aukera sorta du, eta posizio bat. Aldiz, aliatu falta dauka EH Bilduk. Alor sozialean eta ekonomikoan aurrerabiderik nahi badu, 2019ko bozak-eta buruan lagun berrien premia du. Funtsean Espainiako Podemosen krisiagatik, ez dago jakiterik Elkarrekin Podemos nola helduko den 2019ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetara, baina, egungo datuak aintzat hartuz gero bederen, toki askotan gehiengo berriak sortuko lirateke. Beste gauza bat da artikulatuko lituzketen, ordura artean aurrelanak eginda. Errenterian iaz artikulatu zuten EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosen markak, udal akordio estrategikoa eginda. Koalizio independentistak instituzioen bidez ere bere proiektua zabaldu eta indartu nahi badu, formula bat du Errenteriakoa; ez bakarra. Bestela, erakundeetan EH Bilduri ez zaio aski bere %20-25eko batez bestea.
Baina igandeko %21,2k lasaitasun bat eman dio. Espainiako bozetako kolpeen ondotik, azken hauteskundeotan presio handia zeukan, bere egiturak eta ingurua triste zeuden, eta bazuten beharra Espainiakoetatik gora egin eta, 2012tik asko jaitsi gabe, bigarren indarra izateko. Lortu dute.
«Larritasunetan eta epe laburrean ito gabe, lasaitasun estrategikoa behar du ezker abertzaleak», zioen ETAk atzoko agirian. «Herri prozesu independentista garatzeak denbora eskatuko du». Halako prozesu bat garatzen hasi aurretik baldintzak ere erein behar dira. ETAk 2011ko urrian jarri zuen ezinbesteko ale bat: jarduera armatuaren bukaera. Dena dela, bost urtera, oraindik bada zer konpondua: presoak, armagabetzea... Hauteskunderik gabeko bi urte pasa hauek oso garrantzitsutzat ditu ezker abertzaleak gatazkaren ondorioak ixteko bidean jartzeko. Mugimendua dago. Euskal Herriko —EAEko, batik bat— agenda politikoa astintzeko eta baldintzatzeko ere balioko luke.
Era berean, datozen hilabeteetan izango dira Sorturen birfundazio kongresua, LABen eta ELAren biltzarrak, herri galdeketen beste sorta batzuk, Katalunia-Madril talka posiblea...
Baina esaten da: estrategian, ezinbestekoa da oportunitaterako sentsibilitatea edukitzea.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ondorena. ANALISIA
Hauteskunderik gabeko aldi hau
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu