Inor gutik jar dezake zalantzan Euskaraldiaren arrakasta. Are gehiago oraindik egitasmoaren biharamunean gaudela kontuan hartuta, kopuru handi eta irudi distiratsuen mozkorraldi betean, errateko moduan. Efektu horren eraginpean positiboki baino ezin da baloratu Euskal Herrian hamaika egunez 220 mila lagunek hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egin izana. Nork sinetsiko zituen parte-hartze kopuru horiek duela zenbait hilabete?
Halaber, sinesten zaila zirudien instituzioen eta euskalgintzaren artean iragartzen zitzaigun elkarlanak. Baina, itxura batean, sintonia eta lankidetza behar bezalakoak izan dira, goi maila horretan bederen. Eta zer erranik ez egin den lanketa eta kanpaina komunikatiboaz; EITBren talde osoa kanpainaren mesedetan jarriko zela aditu genuenean, bekainak goiti joan zitzaizkigun. Baina aitor dezagun gaiak presentzia txukuna izan duela, inoiz pentsatuko ez genuen medioetan ere.
Maila makro horretatik jaitsita, parte hartzaile bakoitzaren egunerokoan ere hainbat elementu positibo eta, nahi bada, berri ikusi ditugu. Alegia, inoiz hizkuntza ohituren gainean gogoeta handirik egin gabe zegoena bere arrazoiak ematen aditzea; edo sekula espero izanen ez genuen ezagun hori bere txapa harro paseatzen ikustea; edo hiria bezalako toki anonimo batean txapadunen artean gurutzatutako begirada eta irriño konplizeak; edo, beharbada harrigarriena, jendearen enpeinua txapa berokitik jertsera eta jertsetik kamisetara pasatzeko, beti agerian egon zedin.
Aparretan gaude oraindik, kopuruei eta irudiei begira. Baina berehala hasi beharko dugu horien barrunbeetan arakatzen, patxadaz eta sakontasunez. Aztertu beharreko gaietako bat da herrietan erakundeen eta euskalgintzaren arteko elkarlana nolakoa izan den, eta orokorrean ongi samar funtzionatu badu ere, zergatik izan den hain nekeza bertze batzuetan.
Are garrantzitsuagoa da herrietako euskalgintzan Euskaraldiak zer utzi duen eta epe ertain-luzera zer emanen duen aztertzea. Izan ere, egitasmoaren helburuetako bat zen tokiko euskalgintza aktibatzea; beraz, aktibazioa lortu bada, jarraipena izanen ote duen edo kontu puntuala izan den ikusi beharko da. Ingurukoei behatuta, sentipena gazi-gozoa da, eta akaso gehiago du gazitik. Ezinean aritu diren herriak ikusi ditugu, egitasmoak eskatzen zituen minimoak arrastaka betetzen. Antolaketa txukuna eta aurpegi berri samarrak ere bai zenbait tokitan, baina ikusteke dago horri euskalgintzaren aktibazioa deitzen ahal zaion edo martxotik abendura bitartean bere ekarpen zintzoa egiteko prest egon den euskaltzale taldea bertzerik ez den izan.
Hamabigarren eguna ere aski aipatua izan da; hamaika egun horietan hizkuntza ohituretan gertatutako aldaketek denboran iraunen ote duten, alegia. Abian den ikerketak erakutsiko digu hori, hein batean bederen. Ikerketa osatzen duten inkestak ariketa hasi aitzinetik, bukatutakoan eta handik hiru hilabetera egiteak progresio bat erakutsiko digute, eta, aldi berean, ahalbidetuko dute ondorioztatzea Euskaraldiaren ahaleginak eta olatu erraldoiak zenbateraino balio izan duen hamaika egun horietan gertatu diren hizkuntza aldaketak betikotzeko.
Hausnartu beharrekoen zerrendari rolen aukeraketaz gogoetatxoa egitea gehituko nioke. Ahobizi eta belarriprest rolak zer diren, bakoitzak zein funtzio betetzen duen eta nola jokatu behar duen azaltzeko informazioa txukun eman zaigu, hamaika formaturen bitartez. Hala ere, erranen nuke euskaldun oso= ahobizi eta ia-euskaldun=belarriprest ekuazioak gailendu direla. Eta nago euskal hiztun oso ugarik ahobizi izateko erabakia arinegi hartu duela. Izan ere, afera ongi ulertu badugu, ahobizi rolak euskararekiko eskatzen duen konpromisoa erabatekoa da, dedikazio osokoa, Lutxo Egiak 2015ean Bilbon egin zuen performance haren gisara. Guk, bederen, hori egiteko prest ez zeuden euskal hiztun osoak belarriprest izatera animatu ditugu.
Gure lagun bati dezenteko lana eman dio rola aukeratzeak. Euskal hiztun osoa izaki, ahobizi izan behar zuelakoan zegoen hasiera batean. Baina aldi berean argi zeukan ez zuela adore aski izanen bere egunerokoan euskaraz ulertu baina beti gaztelaniaz aritzen diren pertsona jakin batzuekin ohitura hori aldatzeko; bertze zenbaitekin bai, ahalegina egiteko prest zegoen. Egitasmoan engaiatua ibili zen, izen emate mahaietan, txapa banaketan... baina bere rola ezin erabakiz, harik eta Pello Jauregiren elkarrizketa (BERRIA, 2018/11/15) irakurri zuen arte. Belarriprest aritu da azkenean, eta kontentu dago bere lorpentxoekin: pentsa, ahizparekin bizitza osoko gaztelaniazko harremana euskaraz da orain!
Kritikatua izan da erreferentzialak izan daitezkeen zenbaitek euskaldun oso izanik belarriprest rola aukeratu izana. Niri, berriz, ariketa zintzotasunez egin nahi zutela adierazi dit; hizkuntza ohiturak aldatzeko asmoa, norbere mugak eta ezintasunak aitortuta. Mingarriagoa egin zait ahobiziak euskaraz ari zitezkeen egoeretan gaztelaniaz aditzea; areago, erreferentzialak izan daitezkeen horiek, goi kargudunak barne, paparrean ahobizi txapa zeramatela agerraldiak gaztelaniaz egiten ikustea. Telebistaren aitzinean halako kasu bat irentsi ezinik nengoela iritsi ziren etxeko gazteak marmarrean, ahobizien artean postureo gehiegi zegoela erranez. Hala ote?
SERIEA. EUSKARALDIAREN OSTEKOA (I)
Hausnar garaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu